Ekintza sorta antolatu du Kulturazek udaberrirako

Iraia Oteiza 2026ko martxoaren 27a

Azpeitiko aurreneko pote filosofikoa, Sanagustinen. (Kulturaz)

Askotariko hitzorduak antolatu ditu Kulturaz kooperatibak udaberrirako. Hitzarekin, irudiarekin, gorputzarekin nahiz soinuarekin lotura duten ekintzekin zentzumen guztiak landuz gozatu ahal izango dute herritarrek.

Dinamoan askotariko tailer eta ekintzak antolatu dituzte udaberrirako. Oihalen zirkua, poesia eta irudia, sintetizadore modularra eta filosofia lantzeko aukera izango da datozen asteetan Azpeitiko sormen gunean, hitzaren, irudiaren , gorputzaren eta soinuaren bidez zentzumen guztiak landuz. Kulturazek jakinarazi duenez, ekintza horien bidez sormen kolektiboa lantzeko aukera egongo da. Horietarako izen emateak zabaldu dituzte, eta plazak mugatuak dira. 

Apirilaren 8an, asteazkenez, pote filosofikoa egingo dute bigarrenez Sanagustin kulturgunean. Aurrekoan kuadrillen gaia izan zuten hizketagai, baina oraingoan Zer da haurtzaroa?  gaia planteatuko dute hausnarketarako. Iñigo Martinez Peñak gidatuko bigarren pote filosofikoa. Saioa doakoa izango da, eta aurrez ez dago izena eman beharrik.

Oihalen zirku tailerra egingo dute apirilaren 24ean, ostiralez, Haragi bizitan zikloaren barruan. 18:00etan, Dinamoan. Helduentzako saioa izango da, eta Kulturazekoek jakinarazi dutenez, ez da aurretiazko ezagutzarik behar parte hartzeko. Jakintzatik zein zalantzatik, mugatik edo jakin-minetik abiatzen diren gorputzentzat pentsatutako proposamena da. Lotura honetan eman daiteke izena. 

Maiatzaren 9an hasita, berriz, mikrouhinen inguruko Sintetizadore modular kolektiboa izeneko ekintza egingo dute Dinamoan, Amsiak gidatuta. Egun horretan, 10:30ean hasita, ekintzaren aurkezpena eta bazkaria egingo dituzte. Hurrengo saioak, maiatzaren 16an, 23an, 30ean eta ekainaren 6an izango dira. Banakako saioek 5 euro balio dute; aldiz, tailer osoak 25 euro (bazkaria barne). Izena lotura honetan eman daiteke. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide