Quique Gonzalez: "Nitaz baino gehiago hitz egiten du '1973' diskoak gutaz"

Mailo Oiarzabal 2026ko martxoaren 26a

Quique Gonzalez, '1973' diskoaren promozio argazki batean. (Fernando Maquieira)

Espainiako Estatuko musika indepentearen bi MIN sari besapean dituela iritsiko da bihar Azpeitira Quique Gonzalez (Madril, 1973). Bi sailetan zegoen saria jasotzeko hautagaien artean, eta bietan saritu dute: Terciopelo azul abestiaren hitzei eta abesti hori barruan daukan 1973 diskoari esker–urteko rock album onena– jaso ditu sariok Gonzalezek. Iazko urrian plazaratu zuen bere jaioturtearen izena daraman lana, eta harrezkero hura zuzenean aurkezten dabil, agertokiz agertoki. Bihar, Sanagustin kulturguneko oholtzara igoko da bere taldearekin (22:00).

Aipatu bi sariak Kordoban (Espainia) jaso zituen atzo musikari madrildarrak, eta handik bueltan iritsiko da bihar gauean Azpeitira. Sari banaketaren aurretik eta bi hautagaitzengatik "eskertuta" hitz egin zuen Gonzalezek Gukarekin.

Azarotik zabiltz 1973 diskoa aurkezteko biran. Zenbagarren kontzertua izango da Azpeitikoa?

30 kontzerturen langara iristear gaude, birako 28.a izango da Azpeitikoa.

Ezagutzen al duzu Sanagustin? Zer kontatu dizute biharko agertokiaz?

Karlos Arantzegi tolosarra da biran nirekin dabilen taldeko bateria, eta hark kontatu dit musika giro oso ona dagoela Azpeitian. Beraz, espero dut giro hori neure haragitan bizi ahal izatea.

Joan den asteburuan Bartzelonan eta Valentzian jo zenuten. Zer moduzko harrera egin diete entzuleek disko berriari eta zuzenekoei?

Gau oso zoriontsuak bizitzen eta asko gozatzen ari gara bira honetan. Izan ere, taldea zoragarri ari da. Zorionekoa naiz, musikari bikainak baititut ondoan. Txarli Arantzegiz gain, Toni Brunet [gitarra], Jacob [Reguilon, baxua eta kontrabaxua] eta Raul Bernal [pianoa eta teklatuak] ditut alboan bira honetan. Oso ondo moldatzen gara, agertokian zein agertokitik kanpo. Oholtza gainean asko eragiten diogu elkarri, asko bizi ditugu zuzenekoak. Gainera, azken diskoko kantuak ondo uztartzen dira aurreko lanetakoekin. Uste dut jendea harrera oso ona egiten ari zaiela kantu berriei, eta oso gustura gaude.

1973 zure ibilbideko hamabosgarren diskoa da eta jaio zinen urtearen zenbakia jarri diozu izenburuan. Zergatik?

Nitaz baino gehiago hitz egiten du diskoak gutaz. Intimoa baino, kolektiboa da, eta jaio nintzen urtearekin bataiatzeak neure belaunaldiarekin ere lotzen du, nolabait. Banuen diskoa zifra horrekin izendatzeko gogoa. Gustatzen zaizkidan artista askok dituzte beraiek jaiotako urtearen edo beste urteren baten zenbakia duten eta, era berean, asko gustatu izan zaizkidan diskoak. Gerora jabetu nintzen horretaz, baina beste 1973 disko bat ere badago, hain zuzen, eta talde euskaldun batena da: Deabruak Teilatuetan. Gerora Bide Ertzean sortu zutenak zeuden talde hartan, eta lagunak ditut. Hain justu, Bide Ertzeanekin parte hartu nuen Non dira kantuan, eta hura izan zen euskaraz abestu nuen lehen aldia. Hainbat hizkuntzatan abestu izan dut, baina egia da euskarak baduela hunkiarazten nauen zerbait. Euskarak doinu gozo bat eransten die kantuei, hizkuntza oso musikala iruditzen zait. Asko gustatzen zait.

Alderantzizko bidea eginda, Gorka Urbizuk parte hartu du zure azken diskoan, De verdad lo siento kantuan. Nola jaio zen elkarlan hori?

Gorkari diodan zinezko mirespenetik sortutako kolaborazioa izan da. Aspalditik ezagutzen genuen elkar, nik bera Berri Txarraken garaitik, noski. Niretzat, iaz argitaratutako disko guztien artean onena berea izan zen, inongo zalantzarik gabe; eta zuzeneko onena ere bai, bitan entzuteko aukera izan nuen. Bera ere etorri zen gure kontzertu batera, eta orduan proposatu nion disko berrian gurekin kantatzea. Zinezko mirespenagatik, esan bezala, Gorkari diodan mirespen artistikoagatik eta pertsonalagatik. Uste dut gauza askotan gatozela bat biok, oso ondo moldatzen gara eta luxua izan da hura diskoaren parte izatea zein Bilboko eta Iruñeko kontzertuetan kantua berarekin batera zuzenean eman ahal izatea. Nik gauero ekarriko nuke kontzertuetara, baina atsedenaldian dago eta ezinezkoa da. Luxua da Gorkarekin batera kantatzea.

Musikarientzat azken diskoa izaten da, beti edo ia beti, onena. 1973-k betetzen al du zuretzat topiko hori?

Ez dakit onena den ala ez, ez ditut lanak zentzu horretan baloratzen, egia esan. Hala ere, egia da musikarioi, edo niri bai, behintzat gustatzen zaigula lan bakoitzean geure burua islatuta ikustea. Nire bizitzarekin, bizitzaren eta gauzen gaineko nire ikuskerarekin, lotura zuzena duten kantuak idatzi ditut azken diskorako ere. Kantu berrietan neure burua ordezkatuta sentitzea gustatzen zait, une bakoitzean naizen pertsona hori, disko berri bakoitzerako kantuak idazten pasa ditzakedan bi urteetako bizipenak, kantuetan islatzea. Era berean, iruditzen zait zintzoena dela kontzertu bakoitzean zatirik handiena edo nagusiena kantu berriekin betetzea. Neuri asko gustatzen zaizkit eta, lehen esan dudan bezala, zorionez, oso ondo ezkontzen dira kantu zaharragoekin.

Biran zabiltzan bitartean kantu berriak sortzen ere ari zarela esan duzu elkarrizketaren batean. Lan berriren bat ba al darabilkizu buruan? Eta noiz arte jarraitu asmo duzue biran?

Urrira edo azarora arte jarraituko dugu biran, seguruenez, eta bai, kanta berriak izan daitezkeenen zirriborroak egiten hasia nago. Horrez gain, Padres huérfanos izena duen kantua sortu eta grabatu dugu David Serranoren Laponia filmerako; Malagako [Espainia] jaialdian aurkeztu zuten filma eta apirilaren 1ean estreinatuko dute zinemetan.

Eta bihar, zer aurkituko dute Sanagustin kulturgunean elkartuko diren musikazaleek?

Jarraitzaile maitekorrak eta oso gertukoak ditugu Euskadin, eta horregatik gustatzen zaigu hainbeste hor jotzea. Taldea sasoiko dago, oso bizirik, lehen esan bezala. Egunero gauza berriak gertatzen ari zaizkigu kontzertuetan, garai ezberdinetako kantuak jotzen aritzen gara bi orduz, eta trukean, berotasun handia ari gara jasotzen kontzertuetara joaten den jendearengandik. Azpeitian ere, sarrera ordaindu izana mereziko duen kontzertua eskaintzea eta kantuak joz eta entzunez gau ederra pasatzea espero dugu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide