Maiatzaren 16an izango da aurtengo Etxera Eguna, eta herritarrei data gordetzeko eskatu diete Azpeitiko Sareko kideek, eguna "indartsu datorrelako". Egitaraua oraindik guztiz zehaztuta ez duten arren, berrikuntza batzuk izango direla jakinarazi dute dagoeneko. Esaterako, aurten ez da krosik izango, eta horren ordez erraldoien eta buruhandien ikuskizuna izango da. Horrez gain, plazako kirol erronkak, bazkariak, elkarretaratzeak eta kontzertuek osatuko dute eguneko egitaraua, eta umeentzako gune bat ere prestatuko dute. Hain zuzen ere, herriko hiru talde igoko dira Sanagustin kulturguneko oholtzara, Azax, Eraldatzen eta Puntapaxa, eta haien ostean, Trikidantz erromeria taldeak luzatuko du jaia.