Ate bat itxi, beste bat zabaltzeko

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 27a

Oier Alkorta Izarraitz pilotalekuko eserlekuetan, artxiboko irudian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Oier Alkorta palista azpeitiarrak Bilboko Deportivo frontoian hasiko du bihar pala munduaren aro berria, Enaitz Olaetak zuzendutako Basquemotion proiektura batuta.

Greba eta borroka egunak atzean utzita, Oier Alkorta palista (Azpeitia, 2000) bihar itzuliko da berriro kantxetara. Innpala enpresarekin kontratua amaitu eta greba deialdia bertan behera utzita, Enaitz Olaetak zuzendutako Basquemotion proiektura batuta ekingo dio Alkortak berriro lehiari. Aldaketek markatutako itzulera izango da, baina ziurgabetasun garaiak igarota, gogotsu da palista azpeitiarra bere burua berriro kantxa barruan ikusteko. Bilboko Deportivon itzuliko dira kantxetara palistak, kirola kulturarekin uztartuko duen jaialdian. 

Zortzi hilabetez izan ziren greban palista profesionalak, tartean baita Alkorta ere. Honela gogoratu du azpeitiarrak orduan bizitakoa: "Duela urte eta piku ekin genion grebari. Innpala enpresarekin kontratua indarrean zuen azken palistak urtarrilean amaitu zuen kontratua, eta grebarekin bat egin genuen gainerako palistok ere orduan utzi genuen enpresa. Bide batez, greba deialdia ere orduan eman genuen amaitutzat, enpresarekin aurrez genuen harremana apurtuta, eta akordiorik lortu gabe". Azken hilabeteak gogorrak izan dira palista profesionalentzat. "Palista guztiok gaizki pasatu dugu", dio azpeitiarrak.  

Pala profesionala Bilboko Bizkaia frontoiari hertsiki lotua egon izan da historikoki, frontoi haren ardura izan duen pertsonak kudeatu behar izan du-eta pala. Azken urteetan, Joxerra Garai enpresariak kudeatu izan du pilotaleku hori, baina sei urteko kudeaketa epea beteta, Bizkaia frontoiaren kudeaketa berriro lehiaketara ateratzea egokitu da. Azken lehiaketa horretara bi proiektu aurkeztu zituzten: batetik, Joxerra Garairena, eta bestetik, Enaitz Olaetarena. Alkortak dio palistek Olaetaren proiektuarekin egin zutela bat hasiera-hasieratik. "Palistok sinetsita geunden Olaetaren proiektuarekin palak askoz ere etorkizun hobea izango zuela. Asko gustatu zitzaigun hark proposatutakoa, eta palistok harekin bat egitea erabaki genuen". 

Alkortaren arabera, "itxura guztia" zuen lehiaketa Olaetaren proiektuak irabaziko zuela, baina Garairena nagusitu zen. "Nahiz eta palistok Olaetaren alde egon, eta gainera, Olaetaren proiektua aurrekontuan eskatutakoa baino 430.000 euro baxuagoa izan, Garairi esleitu zioten kudeaketa. Guk ez dugu ulertzen erakundeen eta azpiegituren aldetik zer gauza izan diren erabaki horren atzean. Iruditzen zaigu Garaik egundoko boterea duela, eta esleipenean izan duela zeresana", adierazi du azpeitiarrak. Palistek "harrituta" jaso zuten azken berri hori. "Kolpe handia izan zen; izan ere, espero genuen Olaetaren proiektuarekin hasiko ginela berriro Bizkaia frontoian, baina ez da horrela izan". 

Beste ate bat

Palistak "esku hutsik" gelditu ziren Bizkaia frontoiaren kudeaketa Garairi esleitu ziotenean. Lehiaketa harengan jarrita zituzten itxaropen guztiak zapuztu zitzaizkien palistei orduan. Ordea, beste ate bat zabaldu zitzaien berehala. "Palistok Olaetari erakutsi genion konfiantza tarteko, Bizkaia frontoiaren esleipenik gabe, baina geure kasa pala martxan jartzeko proposamena egin zigun hark", esan du Alkortak. Hain justu, asmo horretatik abiatuta antolatu dute biharko jaialdia. Bilboko Deportivon jokatuko dituzte palaren itzulera irudikatuko duen jaialdiaren barruko partidak. "Olaetak nahi zuen, Pala Bizirik eta Basquemotion proiektuekin batera, lehen partida hauetan palistok kantxetara itzuliko garela adieraztea. Azken finean, Olaetak Bizkaia frontoian gauzatu nahi zuen proiektuaren isla izango da Deportivoko jaialdia". 

Palistek "lehen unetik" sinetsi zuten Olaetarengan eta haren proiektuarengan. "Iruditzen zaigu bere proiektuarekin palari behar duen bultzada eman nahi diola. Pertsona baliotsua da, gogo handia du lanerako, eta baditu ezaugarri asko guri gustatzen zaizkigunak eta iruditzen zaizkigunak palaren egoerari aurre egiteko lagungarriak direla. Espero dut bihar lehen pausoa ematea, jendearentzat erakargarria izatea eta jendea frontoitik gustura irtetea". 

Jaialdi berezia antolatu dute, "berritzailea"; ikuskizuna izango da oinarrian, kirolaren eta kulturaren arteko uztartzetik sortutakoa. "Publiko berriarengana heldu nahi dugu, izan helduengana edo gazteengana. Molde tradizionaletatik ateratzea nahi dugu, finean", dio Alkortak. 18:00etan hasiko da Bilboko Deportivon jaia, musika, euskara eta kirola uztartuko dituen festa. Izan ere, Janus Lester, Sorotan Bele eta Doctor Deseo musika taldeen emanaldiak izango dira pala partiden hutsarteetan. Guztira, bederatzi palistak egin dute bat Olaetaren proiektuarekin, eta horietako zortzi izango dira bihar lehian: Gaubeka-Gordon eta Fausto-Del Rio bikoteek jokatuko partida bat, eta Madariaga-Perez eta Maldonado-Alkorta bikoteek bestea. 

Ibilbide berria Bilboko Deportivon hasiko dute; frontoi hori hautatu dute "palaren katedrala" delako. "Deportivok indar handia izan zuen bere garaian, eta horregatik jokatuko dugu biharko jaialdia han. Lehen jaialdia han izango bada ere, horrek ez du esan nahi aurrerantzean jokatuko ditugun partida guztiak frontoi horretan jokatuko direnik". Bilboko Deportivo mugarria izango da, beraz. Sarreren salmenta "martxa onean" doala dio palista azpeitiarrak, "sarrera asko" saldu dira eta. "Gure asmoa da frontoia betetzea, eta uste dut lortuko dugula. 24. Korrikaren egitarauaren barruan jokatuko dugu, frontoia Bilbo erdi-erdian dago... Arrazoi ugari daude hitzordua arrakastatsua izan dadin", adierazi du.

Aurrera begira

Denbora batez lehiatu gabe egon bada ere, Alkorta gogotsu da kantxetara itzultzeko. "Ziurrenik ez gara egongo pala luzeak eskatzen duen erritmorako nahi bezala prestatuta. Oso motel joan da kontua, eta lehiaketarik gabe nahiz grebaren borrokan murgilduta, zaila izan da lehiatzeko motibatuta sentitzea. Ordea, badugu bihar frontoira sartzeko, dugun guztia emateko eta publikoari duguna eskaintzeko gogoa. Ez dugu ondo pasatu, baina espero dut indarrak berreskuratu, eta laster martxan jartzea".

Haren arabera, oraindik goiz da etorkizunera begira jartzeko; Alkortak dio "oso zaila" dela orain aurrera begira jartzea. "Azken hilabeteetan edo asteetan zuloan egon gara, pala lurpean izan da kasik. Hasteko, biharko jaialdia ondo ateratzea dugu xede. Espero dugu aurrerantzean horrelako jaialdi gehiago egitea, eta kontuari jarraikortasuna ematea. Zesta-puntak azken urteetan izan duen gorakada eredutzat hartuta, bide hori urratuta egin behar genuke aurrera". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide