Euskarak bizi duen borrokaz solasean aritu da Paul Beitia

Ihintza Elustondo 2026ko martxoaren 27a

Herritar ugari bertaratu ziren atzo Paul Beitiak Azoka Plazako aretoan emandako hitzaldira. (Kontseilu Sozialista)

Euskara borrokan bizi da izeneko hitzaldia eskaini du Paul Beitia Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak Azoka Plazako goiko aretoan. Besteak beste, euskararen auzia ikuspegi politikotik lantzeko beharra azpimarratu du. 

Paul Beitia Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako kideak Euskara borrokan bizi da izeneko hitzaldia eskaini zuen atzo, osteguna, Azpeitiko Azoka Plazako goiko aretoan. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatu zuen saioa, eta jende ugari bertaratu zen.  

"Euskara borrokan bizi da, baina, azken urteetan, euskararen borroka soziala apaldu egin da eta hizkuntzaren funtzio informalak galduz joan dira" azaldu du Kontseilu Sozialistak. Hori horrela, testuinguruak hausnarketa eta borroka berriak eskatzen dituela zehaztu du. Euskara borrokan bizi denaren baieztapenak zentzu bikoitza du EHKSrentzat: "Lehenik, euskara borrokan bizi da minorizazio gorrian dagoelako: gizarteko funtzio formaletatik kanporatua dago oraindik Euskal Herriko hainbat zonaldetan, eta, koofiziala den tokietan ere, estatus hori ezbaian dago, hizkuntz eskakizunen inguruan atera diren sententziei erreparatuta. Funtzio sozial informalak ere galtzen ari da bere arnasgune tradizionaletan, batik bat masa kultura kapitalistaren nagusitasun erabatekoa tarteko. Bigarren zentzuan, euskara borrokaren bidez bizi da. Hau da, minorizazioak minorizazio, euskal hiztunen eta, oro har, euskaltzaleen eragiletza kontzienteak iraunarazi du euskara, hau da, euskalgintza sozialak".

Halaber, egungo "geldotze aroaren" testuinguru horretan eta "euskalgintza sozial indartsu baten faltan", euskararen defentsa ikuspegi antiproletariotik, biltze identitariotik eta arrazakeriatik egiten duten ahotsak ugaritzen ari direla, eta horren aurrean Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak hiru eginkizun nagusi dituela ere adierazi du: "Hizkuntza eskubideen defentsa, erreakzioaren aurkako borroka ideologikoa eta hizkuntza politika komunista beharrezkoak ditugu".

Beraz, besteak beste, euskararen auziak daukan gaurkotasuna, auzia ikuspegi politikotik lantzeko beharra eta komunisten zereginak izan zituen hizpide atzoko saioan. Horrez gain, euskararen auziari lotuta, orain arte egindako analisiak ere landu zituen solasaldian. 

Hitzaldiaren une bat. (Kontseilu Sozialista)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide