Apirilaren 5ean, igandez, egingo du Azpeitiko Argazki Elkarteak Urola bailarako Udazkeneko Argazki Rallyaren 46. edizioa. Elkarteak Azpeitian egingo du egitasmoa, eta partaideei hainbat gai proposatuko dizkie. Argazkilariek gai horien bueltan egindako argazkiak aurkeztu ahal izango dituzte lehiaketara.
Kamera digitala eta memoria txartela dituen edonork parte har dezake hitzorduan, eta izen-ematea doakoa izango da. Herritarrek Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan, Dinamoa sormen gunean, eman ahal izango dute izena, rallyaren egunean bertan, 09:00etatik 09:30era bitartean. Rallya 14:00etan bukatuko da, baina partaideek 13:00etatik aurrera izango dute txartelak husteko aukera, atzera Dinamoan bertan.
Rallyaren bukaeran, gehienez, 36 argazki aurkezteko aukera izango dute argazkilariek, kontroleko argazkiak barne hartuta. Dena den, argazkiak ezabatzeko aukera izango dute; ez, ordea, manipulatzekoa. Halaber, ordenagailuaren erabilera debekatuta dagoela gogorarazi du Argazki Elkarteak, eta gogorarazi du epaimahaiak irudien berezkotasuna, sormena eta teknika hartuko dituela kontuan erabakia hartzerakoan.
Behin rallya bukatuta, partaideek gai bakoitzeko argazki bat aukeratu beharko dute, eta horiek apirilaren 9a, ostirala, baino lehen bidali beharko dituzte elkartearen argazkiakaae@gmail.com helbidera, partaidearen zenbakia eta aukeratutako argazkien zenbakia zehaztuta. Irudi guztiak JPG formatuan aurkeztu beharko dituzte.
Elkarteak hainbat sari banatuko ditu aurten ere. Bilduma onenaren saria jasotzen duenak 150 euro eta oroigarri bat jaso ditu; bigarren bilduma onenaren egileak, berriz, 120 euro eta garaikurra; hirugarrenak, 90 euro eta garaikurra. Gainera, saritu gabeko lehen herritarrak 70 euro eta garaikurra irabaziko ditu, eta rallyko argazki onenaren egileak 50 euro eta oroigarria. Epaimahaiak erabakia hartu ondoren, apirilaren 16an, ostegunez, egingo dute sari banaketa ekitaldia nahiz rallyra aurkeztutako argazkien emanaldia; 21:00etan izango da, elkarteak Dinamoan duen egoitzan.
Saritutako argazkiak antolatzaileen esku geratuko dira, eta egoki irudituz gero, horiek erabiltzeko eskubidea izango du Azpeitiko Argazki Elkarteak, beti ere egilearen izena aipatuta.