Eneko Elustondo: "Kaotikoa da eguraldiaren zientzia, eta ezin da bete-betean asmatu aurreikuspenarekin"

Julene Frantzesena 2026ko martxoaren 30a

Eneko Elustondo metereologoa. (Kris Fernandez)

Txiki-txikitatik nahi izan du Eneko Elustondok eguraldi iragarle izatea. Metereologia ikasketak bukatzear da, eta Ez da giro proiektua abiatuko du Gukarekin datozen egunetan. Etzi, esaterako, datozen jaiegunetarako eguraldi iragarpena egingo du bideoz, eta oporraldia igarota, astean bitan emango du eguraldi aurreikuspenen berri webgune hauetan, Ez da giro atalean; astelehenetan asteko iragarpena egingo du eta ostegunetan asteburukoa.

Txiki-txikitan piztu zitzaion Eneko Elustondori (Azpeitia, 2003) eguraldiarekiko interesa. Ikastola garaian hasi zen eguraldi iragarpenak egiten ikaskideen aurrean, eta duela gutxi sare sozialen bidea hartu zuen lan hori gauzatzeko. Ingurumen Zientzietan graduatua, metereologia masterra bukatzen ari da Bartzelonan, eta bizitza guztian izan duen ametsa gauzatzen hasiko da aurki: Gukaren webguneetan, astean bitan, Urola Kostako eguraldi aurreikuspenaren iragarpena egingo du, bideo formatuan. Proiektuari ekiteko grina dauka, ez du ezkutatzen hori.

Nondik datorkizu eguraldi aurreikuspenekiko afizioa?

Txiki-txikitatik izan dut garbi metereologo izan nahi nuela, eta ikasketak horretara bideratu nituen hasieratik. Gradua bukatu nuenean, metereologia masterrei begira hasi nintzen, baina ez dute eskaintzen edozein lekutan; Euskal Herrian ez dago master hori egiteko aukerarik, adibidez.

Gustatu al zaizu masterra?

Oso esperientzia ederra ari da izaten. Ingurumen Zinetziak ikasitakoa naiz ni, baina ikasleen gehiengoa fisika ikasitakoa da. Dena den, badira geografoak eta ingurumen zientzialariak ere. Arlo guzti horietatik jakin behar da pixka bat; izan ere, eguraldiak zer ikusia du geografiarekin, matematikarekin, fisikarekin eta abarrekin. Masterreko ikasgai batzuk gogorrak egin zaizkit, baina ari naiz gainditzen, eta oso gustura ari naiz egiten prozesua. Espero nuenarekin egin dut topo. Egunerokoan gustatzen zaizkidan gauzak aplikatzen ditut masterrean, eta konturatu naiz txikitatik eguraldi aurreikuspenak egiten jardun izanak ere lagundu didala.

Txikia zinela nolatatan piztu zitzaizun eguraldiarekiko hainbesteko interesa?

Naturarekiko zaletasun handia izan dut, eta bereziki, eguraldiarekikoa. Olatu handiak zirenean, aitarekin joaten nintzen horiek ikustera Zarautzera; elurra egiten zuenean, mendira... Eguraldiari begira egoten nintzen denbora guztian, eta pixkanaka-pixkanaka, aurreikuspenak nola egiten diren ikasi nuen. COVID-19aren pandemian, Twitter sare sozialean eguraldi iragarpenak egiteko kontu bat zabaldu nuen, baina denbora pasatuta, utzi egin nuen; izan ere, lan handia da egunero eguraldi aurreikuspenaren berri ematea; gaztetxoa nintzen, eta... Nahi nuen, baina, berriro hartu sare sozialetako jarduna, eta Bartzelonara joatearekin, Instagramen zabaldu nuen kontua.

Zeren berri ematen duzu?

Jendeari gehien interesatzen zaizkion gauzen berri. Egunerokoan sarri begiratzen dugu eguraldiaren iragarpena, baina nik festetara begira-eta jarduten dut. Halaber, bitxikeriak ere kontatzen ditut. Ikusi dut jendeari interesatzen zaizkiola eguraldiaren bueltako gauzak, jendeak irakurtzen dituela, eta horregatik, asteburuetako aurreikuspenak egiteari ekin nion.

Jendeak zerbait esan al dizu kalean?

Bai, askok. Ez nuen espero halako erantzuna izatea, baina Azpeitian jende askok geratu nau kalean; ez gazteek bakarrik, helduagoek ere bai.

Nola egiten da eguraldi aurreikuspena?

Mundu bat da. Modelo matematikoak eta fisikoak erabiltzen dira, eta beraz, fisikako legeak erabilita, egun jakin batzuetarako aurreikuspena egiten da. Iragarpena egin nahi duzun eguna zenbat eta gertuago dagoen, are errazagoa da asmatzea; asko handitzen da probabilitatea. Hiru-bost egunetik atzera errorea asko handitzen da. Jendeak hemendik bi asterako eguraldia galdetzen duenean, joeraren berri eman diezaiozuke, baina gehiago ez. Ez dago hemendik bi asterako eguraldi aurreikuspena asmatzerik; gaur egun ezinezkoa da hori.

"Iragarpena egin nahi duzun eguna zenbat eta gertuago dagoen, are errazagoa da asmatzea"

Zailtasun aldetik, urtaro denak ez dira berberak izango iragarpenak egiteko, ezta?

Ez, ez. Udaberria eta udazkena aldaketa handiko urtaroak dira, eta beraz, eguraldia aldakorra izan ohi da. Udan eta neguan, berriz, fidagarriagoak izan ohi dira eguraldi iragarpenak. Hala ere, uda edo udaberria izan, ia ezinezkoa da hemendik bi asterako iragarpen zehatza egitea. 

Orduz orduko eguraldi iragarpena eskaintzen dute informazio zerbitzuek. Posible al da iragarpen hain zehatza egitea?

Ez dut esango posible ez denik, baina oso zaila da asmatzea. Izan ere, eguraldi iragarpenak modeloen arabera egiten dira, eta horiek oso-oso zehatzak izaten dira; datozen hiru egunetarako iragarpena ematen dute. Asko findu dituzte modelo horiek, teknologiak lagundu du horretan, baina eguraldia ez da inoiz zehatza izango. Horregatik, aldakortasunaren faktorea beti egongo da presente: gradu bat gora-behera, hezetasun gehiago-gutxiago, haizearen norabide aldaketak... Oso zaila da orduz orduko iragarpen zehatza egitea. Jendeak esaten du "12:00etan euria egingo du, eta 13:00etarako atertu", baina... Batzuetan asmatuko dute, baina ez da ohikoa.

Plan bat daukazunean, zer egiten duzu: zeure tresnak erabili eta iragarpena osatu ala egindako eguraldi iragarpenen bat begiratu?

Modeloetara jotzen dut beti, eta neure iragarpena egiten dut. Hori bai, modelo asko daude, eta batean baino gehiagotan begiratuta egiten ditut ariketak. Horrez gain, begiratzen dut eguraldi iragarpenen aplikazioetan edo webguneetan ere.

Jendeak eskatzen al dizkizu eguraldi aurreikuspenak?

Bai, bai. Hasiera batean, lagunek eta familiakoek egiten zizkidaten galderak, baina gaur egun, Instagrametik herritar ugarik ere bai. "Eneko, Pirinioetara noa asteburuan, eta zer eguraldi egingo du?". Halako galderak askotan egiten dizkidate, eta gustura erantzuten ditut.

Sekula gertatu al zaizu zuk egindako aurreikuspena eta webguneren batean iragarritakoa bat ez etortzea?

Ia egunero gertatzen zait hori; Aemetek gauza bat esaten du, El Tiempok bestea... Ez du batek eguzkia egingo duela iragartzen eta nik euria, baina denetan euria iragarri den kasuetan, kopuruan izugarrizko aldea ikusi izan dut. Hori askotan pasatzen da. Eguraldia oso-oso aldakorra izaten da askotan; aurtengo Errege Egunean, esaterako, elur ugari egin zuen Azpeitian, baina bezperara arte, modelo bakoitzak gauza bat iradokitzen zuen.

Eguraldia oso aldakorra da gaur egun, eta muturreko fenomenoak gero eta ugariagoak dira. Klima aldaketa al da horien eragile?

Gaur egun, eguraldiari lotutako edozer gertatzen dela, klima aldaketarekin lotzen da. Naturan, eta eguraldiaren arloan, baina, bada berezkoa den aldakortasuna; horrek esan nahi du lehorte handiko sasoiak egon daitezkeela, baina gero bere onera bueltatuko dela klima. Dena den, egun, aldakortasun horrez gain, bada dena goraka joateko joera, dena muturrera iristekoa; muturreko fenomenoak errealitatea dira, baina munduko hainbat puntutan halakoak gertatzeko aukera besteetan baino handiagoa da.

Hori dela eta, gero eta zailagoa al da eguraldi iragarpena asmatzea?

Teknologia aldetik, asmatzeko gero eta erraztasun handiagoak ditugu; datu gehiago, tresna gehiago... Dena den, eguraldia kaotikoagoa da gaur egun; izan daiteke berezko aldakortasuna tarteko, baina aldaketa klimatikoa ere ari da eragiten.

"Eguraldia kaotikoagoa da gaur egun; izan daiteke berezko aldakortasuna tarteko, baina aldaketa klimatikoa ere ari da eragiten"

Metereologook, hego haizearekin, ez duzuela iragarpenarekin asmatzen esan ohi da. Zergatik?"

Mito bat da hori. Haize bat edo beste izaten da, borraska dagoelako hemen edo antizikloia han, eta horrek eragiten du eguraldian. Ipar haizearekin, normalean, euria egiten du Euskal Herrian, eta hego haizearekin, zailagoa da, bai, asmatzea; tranpatiagoa da. Hego haizearekin beroa etorriko dela eta ez duela euririk egingo esan ohi da, baina egoera orokorra hartu behar da kontuan.

Iragarpenarekin asmatzen duzuenean ondo, baina huts egindakoan... Kontuak eskatzen al dizkizu jendeak?

Horixe izan da hasieratik izan dudan beldurra [barrez]. "Metereologook ez dugu sekula asmatzen", esan zigun masterreko irakasle batek, eta arrazoia du. Izan ere, asko gerturatuta ere, ez da sekula ehuneko ehunean beteko guk egindako iragarpena. Bost litro euri egingo dituela esan dezaket, baina ez ditu sekula bost litro egingo; egingo ditu lau edo sei. Kaotikoa da eguraldiaren zientzia, eta ezin da bete-betean asmatu aurreikuspenarekin, baina... Askotan huts egiteak ematen dit beldurra, egia esan.

Batzuetan ematen du zuen esku dagoela eguraldi ona edo txarra egitea...

Hala da, bai. Zenbat jendek esan izan didan "zuk jarri eguzkia biharko" festen atarian... [barrez]. Nik jar dezaket, baina horrek ez du esan nahi eguzkia aterako denik. Nire esku balego...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide