Oskoz-Arrastia bikotearentzat izan da binakako txapela

Aitziber Arzallus

Lehen mailako finalean, Oskozek eta Arrastiak 22 eta 13 irabazi diete Iturriagari eta Orbegozori; promozio mailakoan, berriz, Arrutik eta Alberrok, 22 eta 12, Sagarduiri eta Etxeberriari. Jendetza bertaratu da Izarraitz pilotalekura, Ados Pilotaren txapelketako finalak ikustera. 

Atzo iluntzean Azpeitiko Izarraitza pilotalekuan jokatu zituzten Ados Pilotaren binakako txapelketako finalak, harmailetatik begira jendetza zela. Lehen mailako finalean, Oskoz eta Arrastiak osatutako bikotea izan zen nagusi, Iturriaga eta Orbegozo 22 eta 13 mendean hartuta. Promozio mailako txapela, berriz, Arrutik eta Alberrok jantzi zuten, Sagarduiri eta Etxeberriari 22 eta 12 irabazi ostean. 

Lehen mailako finalaren lehen zatia orekatua izan zen, bi bikoteen artean alde handirik gabea, baina bigarrengoan urdinen mailak koska bat gora egin zuen eta neurketa haustea lortu zuten. Gorriak ez ziren gai izan txapelketan erakutsitako maila bera emateko, eta urdinez, merezimendu osoz, txapela jantzi zuten. 

Promozio mailako finalean, Sagarduiren eta Etxeberriaren abiadura nagusitu bazen ere, Arrutik eta Alberrok ondo eutsi zien finalari, eta bigarren zatian askoz ere sendotasun handiagoarekin jokatuz, beste garaipen eder batekin borobildu zuten txapelketa. 

Aipatzekoa herritarren aldetik finalak izan zuen harrera; izan ere, 600 bat lagun bertaratu ziren Izarraitz frontoira emakumeen pilota partidak bertatik bertara ikustera. Gainera, Korrikari babesa adierazteko ere baliatu zuten ekitaldia. Sarreretatik ateratako diruaren zati bat euskararen aldeko egitasmora bideratuko dute.

(Argazkiak: Aitziber Arzallus eta Ados Pilota)

 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide