Azpeitiko Udalaren arabera, gero eta azpeitiar gehiagok egiten dute errentaren zerga aitorpena euskaraz, eta Donostia eta Bilboren atzetik, udalerri hori da euskaraz errenta aitorpen gehien egiten dituztena. Ordea, oraindik erdiak baino gehiagok erdaraz egiten du. Haren arabera, iaz aitorpenen %49 egin ziren euskaraz; 4.219 herritarrek egin zuten hizkuntza horretan. Horregatik, urtero bezala, aitorpenak euskaraz egitera bultzatu ditu udalak, UEMArekin elkarlanean. Are, erronka proposatu du: euskaraz egiten dutenen langa %50ekoa baino altuagoa izan dadila.
Gipuzkoako Ogasunak apirilaren 7an hasiko du errentaren zerga aitorpenaren kanpaina, eta gaur jarri ditu autolikidazio proposamenak ikusgai. Hain zuzen, jasotako proposamena telefonoz edo Internetez onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela adieraz dezaten dei egin die udalak herritarrei, modu horretara aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkielako.
Hitzordu mekanizatua hartzerakoan, berriz, harremana euskaraz izan nahi dutela adieraz dezaten ere dei egin du udalak. Bestalde, erakundeak azaldu du errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi daitekeela Internetez, eta hobetsitako hizkuntzaren atalean euskara ere bai.
Horrez gain, gaineratu du aholkularitza zerbitzu edo finantza erakunderen baten bidez eginez gero, propio adierazi behar dela euskaraz egin nahi dela.