Lagun Onakeko bi talde nagusiek etxetik kanpo jokatu dute azken neurketa; bata garaipenarekin etxeratu da eta bestea berdinketarekin.
Espainiako gizonen Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldeak hiru puntu eskuratu zituen larunbat arratsaldean, Santurtziren kontra 0-1 irabazita. Baloiak bote asko egiten dituen futbol zelaia da Santurtzikoa (Bizkaia) eta hori antzeman egin zen larunbateko jokoan. Lagun Onak aurkariak mendean hartuta aritu zen, baina Santurtzik ere lan ona egin zuen defentsan.
Lagun Onakekoentzako bigarren zatia ezusteko batekin hasi zen, lehen jokaldian Santurtzi Bastidaren ateraino iritsi zeelako baloiarekin, baina Lagun Onakeko defentsakoek baloia arriskutik kanpo atera zuten. 54 minutuan partidako jokaldi erabakigarriari esker, Aimar Leunda Lagun Onakeko kapitainak buruz Santurtzikoen atean sartu zuen baloia, markagailua 0-1 jarriz. Hortik aurrera, Santurtzikoak ahaleginean jardun zuten Lagun Onakekoen areara sartzeko. Baina ez zuten lortu aurkarien garaipena zapuztea.
Hurrengo jardunaldia asteazkenean, apirilaren 1ean, jokatuko du Lagun Onakek, Zamudioren kontra Garmendipeko futbol zelaian.
Emakumeek berdinketa
Emakumeen Ohorezko Erregional mailako Lagun Onakek Landetxaren aurka jokatu zuen atzo arratsaldean, Irunen (Gipuzkoa). Kasu honetan, husna eginda, puntu bakarrarekin etxeratu ziren Lagun Onakekoak. Nahiz eta partida ia osoan baloia izan eta aurkarien zelaian jokatu, ez zuten golik sartzea lortu, oinarrizko kontuetan huts egin zutelako.
Datozen bi asteburuetan ez dute jardunaldirik jokatuko Ohorezko Erregional mailakoek; hurrengo neurketa apirilaren 19ko asteburuan izango dute etxean eta Aiztondoren kontra.