Quique Gonzalezek, Trikigirok eta Azax taldeak jo dute Sanagustingo agertokian

Nerea Uranga 2026ko martxoaren 30a

Joan berri den asteburua betea izan da Sanagustin kulturgunean. Kulturaz kultur kooperatibak antolatuta, Quique Gonzalezen,Trikigiroko trikitilarien nahiz Azax taldearen kontzertuak eta erromeria izan dira. Azken emanaldi horiek, Trikigirorekin eta Azpeitiko Korrika batzordearekin antolatuta.

Kulturaz kultur kooperatibaren Sanagustin kulturguneko joan den asteburuko eskaintza oparoa eta askotarikoa izan da musikaren zaleentzako. Ostiralean, Quique Gonzalez musikari espainiarrak 1973 lana aurkeztu zuen Sanagustinen bildutakoen aurrean.

Larunbatean, berriz, 24. Korrika herritik igaro ondoren, euskararen aldeko festak segida izan zuen Sanagustin kulturgunean. Trikigiroko trikitilarien erromeriaren ondotik, Lurdes Alkorta eta Lidia Irigoien nahiz Saioa Lizarralde eta Maddalen Arzallus trikitilarien emanaldia izan zen. Segidan, Azax taldeak elektronika eta trikitia uztartuz musika nahiz dantza ikuskizuna eskaini zuen.

Kulturaz kooperatibaren artxibategi digitalean ikus daitezke ostiraleko nahiz larunbateko Sanagustin kulturguneko kontzertuetako argazkiak.

(Argazkiak: Kulturaz kultur kooperatiba)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide