Bi filmekin osatu dute datorren asteburuko zinema karteldegia Soreasu antzokian: Chirp, Honey Hillseko ikertzailea eta Marty supreme. Emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eskuratu ahal izango dira aurrez, baita emanaldien aurretik Soreasu antzokiko leihatilan ere.
Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan (16:30) emango dute Chirp, Honey Hillseko ikertzailea animaziozko filma (Errusia, 2026); 85 minutuko iraupena. Honela dio filmaren sinopsiak: "Honey Hillseko biztanleak Hiriaren Egunerako prestatzen ari dira, orduan erakusten baita Urrezko Erlauntza mitikoa. Baina festa baino lehenago, erlikia desagertu egingo da, eta denek Chirpiri botako diote errua, Sofie detektibearen laguntzaile gisa lan egiten duen urtxintxa urduriari. Lagunekin batera, Chirpek misterioa argitu beharko du, benetako lapurra aurkitu eta bailarara bakea itzularazteko".
Igandean (19:30) eta astelehenean (21:00), berriz, Marty supreme (AEB, 2025) ikusteko aukera izango da Soreasun. Joshua Safdie da filmaren zuzendaria. Timothee Chalamet aktorea da filmeko protagonista, eta Gwyneth Paltrow beste aktoreetako bat. Marty Reisman (New York, 1930-2012) mahai teniseko jokalariaren bizitzan oinarrituta dago filma. Reisman apustuetan zaildu zen, eta ondoren, txapelketetan hasitakoan 22 irabazi zituen. Marty supreme filman Mary Mauser izena du mahai tenisean neurrrigabeko anbizioz jokatzen duen gazteak, eta edozertarako prest dago bere ametsa betetzeko. Sariak ere baditu Marty supreme filmak: Urrezko Globoa eskuratu zuen Chalametek. Oscar sarietarako bederatzi hautagaitza bildu zituen filmak, baina esku hutsik gelditu zen.