Urola ibaiko landaredia arindu dute

Nerea Uranga

Txukun enpresakoak Urola ibaiko landaredia arintzeko lanean, atzo. (Azpeitiko Udala)

Azpeitiko Udalak urtearen hasieran aurkeztutako uholdeei aurre egiteko larrialdi planean jasota bezala, tarteka ibaietako landaredia arintzea beharrezkoa da. Hori kontuan hartuta, Urola ibaian Azoka Plazaren bueltan egin dituzte ibaia garbitzeko lanak.

Urola ibaian, Azoka Plazaren goiko eta beheko aldean, arindu dute landaredia oraingo garbiketa aldian. Atzo egin zituzten lan horiek Txukun enpresako langileek, ibaia txukun mantentzeko eta uholde arriskuak murrizteko. Atzo Urola ibaian bezala, orain dela hilabete inguru lan berdinak egin zituzten Urrestillan Ibai Eder ibaian eta Aratz errekan.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, iazko urtearen bukaeran Urola ibaiari buruz egindako solasaldian adituek adierazi zuten bezala, eta udalak urtearen hasieran aurkeztutako uholdeei aurre egiteko larrialdi planean jasota dagoen bezala, berez ona da ibaietan landaredia egotea, "biodibertsitatea sustatzen duelako eta ekosistemaren orekan laguntzen duelako". Dena den, aldian behin landaredia arintzeko lanak egitea "ezinbestekoa" da, "bereziki zubi inguruetan", bestela materiala pilatzeko eta ura pasatu ezinda geratzeko arriskua sor daitekeelako. Horregatik, udalak "aldiro-aldiro" era horretako lanak egiten segituko duela esan du.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide