Apirilerako egitarau betea prestatu dute Ekoetxean

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 2a

Ekoetxean egindako jarduera bat. (Ekoetxea)

Helduentzako nahiz haurrentzako ekintzak prestatu dituzte Azpeitiko Ekoetxean hil honetarako. Guztiak doan dira, baina aldez aurretik izena eman beharra dago parte hartzeko. Besteak beste, bisita gidatua, tailerra, ibilaldi gidatua eta solasaldia antolatu dituzte.

Larunbatean hasi eta apirilaren 26ra bitartean ekintza ugari antolatu dituzte Azpeitiko Ekoetxean. Haur edota helduentzako saioak dira, denak doan, baina aurretik izena eman beharra dago zenbait jardueretan parte hartzeko. Izen ematea beteta dagoen kasuetan, izena emandakoak itxaron zerrendara batuko dira.

Larunbaterako Loiolako Igarako errotara bisita gidatua eta taloa egiteko tailerra antolatu du Ekoetxeak, baina dagoeneko ekintza horretan izena emateko epea beteta dago. Apirilaren 11rako eta 12rako ere bi ekintza jarri ditu aukeran, larunbatekoa Errezilen egingo dute eta igandekoa Soreasu antzokian.

Hilaren 11rako, Errezilen: Ibarbi sagarraren loraldia ibilaldi gidatua antolatu du Ekoetxeak, Urola Turismoarekin eta Ibarbi Errezil Sagar kooperatibarekin elkarlanean. Sagarrondoaren loraldia eta sagarra mahaira iritsi bitarteko prozesua ezagutuko dute ibilaldian parte hartzen dutenek. Behin ibilbide gidatua bukatutakoan, Ibarbi Errezil Sagar Kooperatibako kideek prestatutako hamaiketakoarekin gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Jarduera horretan parte hartzeko izena honako loturan eman behar da.

Apirilaren 12an uraren garrantzia eta antzerkia uztartzen dituen Putzua begi-bistan antzezlana antolatu du Ekoetxeak. Doan izango da antzezlana ikusteko aukera, 16:30ean, Soreasu antzokian. 5 eta 9 urtera arteko haurrentzako obra da.

Sendabelarrak ezagutzeko eta baratzeetan nolako tokia duten ezagutzeko Sendabelar baratzea izenburuko tailerra izango da apirilaren 18an, Ekoetxean. Garbiñe Larreak eskainiko du, eta helduentzako saioa izango da. Izena Ekoetxearen webgunean eman behar da.

Hurrengo egunean, hilaren 19an, 6 urtetik gorakoentzako Koxinatu: Udaberriko zaporeak familian sukaldaritza ikastaroa izango da. Tokiko eta sasoiko sukaldaritzaren balioa ezagutzeko bi orduko esperientzia praktikoa izango da, 10:30ean hasita. Izena Ekoetxearen webgunean eman behar da.

Apirilaren 25ean, 10:30ean hasita, Nekazaritza, elikadura eta ekofeminismoa: soka bereko hari-muturrak mahai ingurua egingo dute Ekoetxean. Solasaldian parte hartuko dutenak honakoak izango dira: Maribi Ugarteburu, Mirene Begiristain, Aiora Etxeberria, Ane Aranburu eta Amaia Segurola.

Hil honetarako Ekoetxean prestatutako azken jardueran zerura begira jarriko dira, Zerua, laino ezberdinak erreparatuz izenburuko saioan sormena landuz eta lainoak behatuz. 6 urtetik gorakoentzako saioa da, eta Zorione Mendez izango dute bidelagun. Jarduera honetan izena emateko Ekoetxearen webgunera jo beharko da.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide