Joan den asteazkenean emakume bat hilda aurkitu zuten Basaurin (Bizkaia), eta poliziak emakumearen bikotekidea atxilotu du gaur Bilbon, indarkeriazko hilketa egotzita. Urola Erdiko Itaiak Basauriko hilketa matxista salatzeko elkarretaratzera deitu du gaur arratsaldean Azpeitiko plazan. Dozenaka herritarrek egin dute bat Indarkeria matxistari aurre egin! lelo hartuta egindako mobilizazioarekin. Itaiak "babesa eta elkartasuna" adierazi die Basaurin hildako emakumearen ingurukoei, eta indarkeria matxistarekin bukatzeko borroka eta antolakuntza indartu beharra aldarrikatu ditu: "Indarkeria matxistarekin aski da!".
Udalaren gaitzespena
Azpeitiko Udalak bere aldetik, Basauriko indarkeria matxista salatzeko oharra kaleratu du, eta elkartasuna adierazi die hildakoaren senideei zein gertukoei. Udalak idatziz egindako adierazpenean salatu du 2003tik 134 hilketa matxista izan direla Euskal Herrian. "Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian eta ez beste inon ere. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du". Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" dela adierazi du udalak. Eraso oro gaitzesteaz gainera, udalak esan du lanean jarraituko duela indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematen, prebentzio eta sentsibilizazio lanean eta baliabideak bideratzen.