Elene Viles: "Oso gustura gaude maila igoera lortuta, eta orain liga irabazteko jokatuko dugu"

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 4a

Alaves taldekoak gaur Lehen Mailarako igoera lortuta. (RFEF)

Futbol jokalari azpeitiarrak jokatzen duen Alaves taldeak Lehen Mailara igotzeko gaur berdintzea nahikoa zuen Europaren kontra, baina 0-4 irabazi du, eta datorren urtean maila gorenean ariko da. Viles "oso gustura" agertu da maila igoera lortuta, baina geratzen zaizkien bi jardunaldietan liga irabazteko helburuarekin ariko direla esan du.

Elene Vilesek jokatzen duen Alaves taldeak Lehen Mailara igotzea lortu du gaur, Bartzelonan Europa taldeari 0-4 irabazita. Alaves taldeak nahikoa zuen gaur berdintzea, baina nagusitasunez irabazi dute. Bartzelonatik etxerako bueltan autobusean zela hitz egin du Vilesek Gukarekin, eta "oso-oso gustura" agertu da futbol jokalaria lortutakoarekin. "Aurreko astean ez genuen lortu, baina gaur hasieratik partida gure alde jarri dugu, buruarekin jokatu dugu eta emaitza gure aldekoa izan da", adierazi du. Garaipenarekin hunkituta, pozik, eta "oraindik sinistu ezinda" daudela esan du Vilesek.

Lortutakoa ospatzeko modua izango dute, bi astetan partidarik ez dutelako jokatuko –bihar, igandea, egingo diete omenaldia Alaves eta Osasuna taldeen arteko futbol partidaren aurretik, 21:00etan, Gasteizen, Mendizorrotzan–. Gero, baina, denboraldia bukatzeko bi jardunaldi izango dituzte, eta horiek prestatzeko lan egin beharko dute, azkenera arte ez daude amore emateko, Vilesen esanetan. "Lehen helburua lortu dugu: Lehen Mailara igotzea. Orain, bigarren helburuaren bila joango gara, liga irabaztera. Sailkapeneko bigarren postuan gaude Bartzelona Bren atzetik, eta guk nahi duguna da liga ere irabaztea".

Elene Viles Alaveseko futbol jokalaria. (Alaves)

Realeko bidea bukatu eta Deportivo Alaves Gloriosas taldearekin fitxatu zuen futbol jokalari azpeitiarrak iazko uztailean, bi denboralditarako –2007. urtera arteko kontratua sinatu zuen–. Alavesen oso gustura dabilela adierazi du pozik: "Andreak [Esteban] hasieratik izan du nigan konfiantza, eta minutuak jokatzeko aukera izan dut. Taldea ere osoa da, talde bat bezala funtzionatzen duguna. Egia esanda, denarekin nago gustura. Denboraldi oso ona egin dugu eta orain emaitzak etortzen ari dira". Emaitza onak eguneroko lan gogorraren ordaina direla ere adierazi du futbol jokalari azpeitiarrak. "Lan asko egin dugu, baina lanean segituko dugu gure beste helburua lortu arte: liga irabazi arte", erantsi du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide