Esku pilota profesionalean ari diren bi azpeitiarrek jokatuko dute Buruz Buruzko B Serie Txapelketaren final laurdenetako ligaxka, eta multzo berean ariko dira biak.
Iaz finalaurrekoak jokatuta, final zortzirenetako kanporaketarik jokatu gabe eta zuzenean lortua zuen ligaxkarako txartela Julen Egiguren Egiguren V.ak. Unai Alberdi Alberdi II.ak, aldiz, joan den asteburuan bigarren mailako txapelketaren barruan jokatu dituzten final zortzirenetako lau kanporaketetako bat jokatu behar izan zuen. Logroñoko Adarragan (Espainia), 22-10 menderatu zuen azpeitiarrak Iker Salaberria eta, horrenbestez, final laurdenetako A multzoan lehiatuko da, Egiguren herrikidearekin, Rekalderekin eta Agirrerekin batera; B multzoan, berriz, Senar, Zubizarreta III.a, Murua eta Amiano ariko dira.
Datorren asteburuan ekingo diote ligaxkari bi azpeitiarrek: Azkoitian jokatuko du Alberdik, ostiralean, Rekalderen kontra; eta iaz finaletik kanpo utzi zuen Asier Agirrerekin neurtuko ditu indarrak Egigurenek zapatuan, Iruñeko Navarra Arenan.