Musikaz jantzita etorriko da Pazko Asteko ostirala Azpeitira. Bi hitzordu izango dituzte aukeran musikazaleek, bata arratsaldean Sanagustin kulturgunean eta bestea Orkatzen gauean, bietan doako sarrerarekin.
Sanagustinen, aurtengo Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuituaren barruan dabiltzan bi talde entzuteko aukera izango da, 18:30etik aurrera: Geminiss eta Nhil. Olaia Bloom rock bakarlari iruindarrak iaz argitaratu zuen Sueños, Ideas y recuerdos disko luzea zuzenean aurkezteko eratu duen taldea da Geminiss. Aretxabaletako (Gipuzkoa) Nhil taldeak, berriz, pop-soula jorratzen du. Etxea da argitaratu duten azken lana, taldearen ibilbideko hirugarren diskoa.
Orkatzen, berriz, hip-hop erritmoak eta errimak nagusi izango dira ostiral gauean. 22:30ean hasita, Under CvK, Lero Demon, J1 eta AlvaconV igoko dira Orkatzeko oholtzara.