Auzo-taxi zerbitzuaren txartela eskuratu nahi dutenek zein dagoeneko txartela dutenek eskaerak egiteko eta berritzeko urteroko epea ireki du Azpeitiko Udalak. Aratzerrekan, Eizagirren, Elosiagan, Izarraitzen, Loiolan, Nuarben, Matxinbentan, Odrian, Oñatzen, Oñazbidean eta Urrestillan erroldatutako 12 urtetik gorakoek zein toki horietan zaintza lanetan aritzen diren herritarrek dute auzo-taxi zerbitzuaz baliatzeko aukera. Txartelik ez dutenek orain atera dezakete, baina dagoeneko erabiltzen dutenek ere berritu egin behar dute, erabiltzen jarraitu ahal izateko. Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan edo udalaren webgunean egin daitezke izapideak.
Udalerri barruan egindako bidaiak modu hobean egiteko aukera eskaintzen du auzo-taxiak, norbere etxetik Azpeitiko erdigunera edo alderantziz egindakoak, hain zuzen. Bidaia horiek Azpeitiko taxi-lizentzia izan eta Azpeitiko Udalarekin hitzarmena sinatu duten taxilariekin egin behar izaten dira. Zerbitzurako ezarritako ordutegiaren barruan egiten dituzten bidaiak dira auzo-taxiaren onuradunei diruz laguntzen zaizkienak:
- Astelehenetik ostiralera, 07:30etik 20:30era.
- Larunbatetan, 09:00etatik 20:30era.
Igande eta jaiegunetan egindako joan-etorriak ez dituzte diruz laguntzen, ezta abuztuan egindakoak ere.
3 euro ordaindu behar izaten dituzte auzo-taxiaren onuradunek joan-etorri bakoitzeko; bidaia bakarrean taxia pertsona batek baino gehiagok erabiltzen dutenean, berriz, onuradun bakoitzak 1,50 euro ordaintzen ditu.