Apirilaren 19an ospatuko du aurtengo Santa Engrazi Eguna Lagun Onak MBk

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 8a

Mendizaleak 2025eko Santa Engrazi Egunean, baselizaren atarian, eguraldi makurrarekin. (Lagun Onak MB)

Gaztetxoei zuzendutako mendi irteera antolatu du egun horretarako Azpeitiko mendizaleen elkarteak. Irteeran parte hartu nahi dutenek hilaren 16ra arte eman dezakete izena, elkartearen webgunean.

Santa Engraziako tontorrera urteroko bisita egin gabe ez dira geldituko aurten ere Lagun Onak Mendi Bazkunakoak. Apirilare 19an ospatuko dute Azpeitiko mendizaleek aurtengo Santa Engrazi Eguna, haurrei eta gaztetxoei zuzendutako mendi irteerarekin, eta goiz pasa horretan parte hartu nahi dutene dagoeneko eman dezakete izena elkartearen webgunean; hilaren 16an amaituko da epea. Ordainketa, baina, egunean bertan egin beharko da, autobusean: bazkideek 5 euro eta bazkide ez direnek 8 ordaindu beharko dute, hain zuzen.

Hilaren 19an, igandearekin, 09:00etan hartuko dute mendizaleek autobusa anbulatorio aurreko geltokian, Zestoaraino joateko. Handik abiatuta igoko dira Aizarnako baselizako tontorrera. Santa Engrazian umeentzako jolasak-eta eginda, eguerdian hartuko dute mendizaleek Azpeitira itzultzeko autobusa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide