Frantziskanetako katea eten da

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 9a

Frantziskanetako eliza eta komentua. (Nerea Uranga)

Frantziskanak Azpeitian bertan sortu ziren, eta herriko elkarte erlijioso zaharrena da Sortzez Garbiaren ordenakoa. Martxoaren 3an hil zen Zelai Luzeko klausurako komentuko azken lekaimea. Orain, Perutik hura zaintzera etorritako bi moja bizi dira han.

Zortzitik bira murrizteko bidean dira Azpeitian moja etxeak. Izan ere, Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenako klausurako Azpeitiko komentuko azken moja joan den hilaren hasieran hil zen. Martxoaren 3an zendu zen Itziar Bidaburu Barrutia, 93 urterekin, eta harekin bizi ziren Perutik etorritako bi moja besterik ez dira gelditzen egun Zelai Luzeko komentuan.

Frantziskanak Azpeitian bertan sortu ziren, eta herriko elkarte erlijioso zaharrena dira; XV. mendean sortu ziren, eta 1997. urtean bosgarren mendeurrena ospatu zuten. Elormendiko San Pedro baselizan du jatorria elkarteak. Herriko hainbat emakume baseliza txiki hartan jarri ziren bizitzen serora gisa, harrera eta otoitz eginez. Tartean ziren Enparango Maria Lopez –Loiolako Inazioren lehengusua– eta Ana Uranga, eta haiek Frantziskotar Hirugarrendarren elkartea sortu zuten. Gero, Enparan dorretxearen ondoko lurrak erosi zituzten, eta 1567an komentua eta eliza eraikitzeko baimena lortu zuten, orduko Iruñeko gotzainak emanda. 1605. urtean bukatu zituzten Frantziskanetako komentua eraikitzeko obrak. Eliza, berriz, 1677ko urriaren 4an inauguratu zuten.

Klausurakoak izan dira Frantziskanetakoak, eta duela bi urte ordenako bi kide besterik ez ziren gelditzen han, adin handikoak biak. Haietako azkena zen matxoaren 3an hil zen Bidaburu.

Frantziskanetako Sortzez Garbiaren ordenako klausurako komentua ixteko prozesua hasia dutela jakin du Gukak, baina ez da ziurra noiz gertatuko den hori eta komentuaren ateak behin betiko noiz eta zer baldintzatan itxiko dituzten.

Jesus-Mariatakoa eta Olazko Dama Katekistena dira Azpeitian irekita jarraitzen duten beste bi komentuak. Mariaren Sierben kongregazioak orain bi urte utzi zuen herria, 2024ko maiatzaren aurrenean, Azpeitian 125 urte egin ondoren.

Udalak lurra erosi

2007ko apirilean Azpeitiko Udalak Frantziskanetako komentuko lursailaren 25.000 metro koadroetatik 18.000 metro eskuratu zituen, eta gainontzeko 7.000 metro koadroak (3.000 metro koadro elkartearenak eta 4.000 metro koadro lursail) elkarte erlijiosoaren esku gelditu ziren. Udalak lur horiek eskuratu zituenean, bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa azaldu zuen.

Oraingoz, ordea, udalak ez du esku hartzerik egin duela hemeretzi urte erositako Frantziskanetako lurretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide