Azpeititik igaroko da bihar Euskal Herriko Itzulia

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 9a

Zaleak Euskal Herriko Itzuliko txirrindulariak txalotzen, iaz, Nuarben. (Andoni Elduaien)

Eibarren hasi eta Eibarren bukatuko den bosgarren etapan, 14:00 aldera iritsiko da lasterketa Loiolara Azkoiti aldetik, Landetan Errezilgo bidea hartzeko eta handik Etumetara igotzeko.

Bihar, ostirala, Azpeititik igaroko da gizonen Euskal Herriko Itzulia. Aurtengo bosgarren eta azkenaurreko etapa lehiatuko dute bihar txirrindulariek, Eibarren hasi eta Eibarren bukatuko den 176 kilometroko ibilbide gorabeheratsuarekin.

Azkoiti aldetik iritsiko da lasterketa Azpeitira, lehen ordubetea beteta, gutxi gorabehera. Horrela, antolatzaileen aurreikuspenen arabera, 14:00 aldera iritsiko dira lehen txirrindulariak Loiolara. Loiolako Inazioren etorbidetik eta saihesbidean barrena Landetara iritsita, Errezilgo bidea hartuko dute txirrindulariek, eta Benta Berriko bidegurutzean Etumetarako igoerari ekingo diote; 14:10-14:15 bueltan iritsiko da lasterketa Benta Berrira, eta 14:15-14:25 artean gaindituko du lasterketa buruak Etumetako gaina. Handik Aizarnara jaitsita, Iraeta eta Arroabea igarota, Debara zuzenduko dira txirrindulariak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide