Asteburu eskasa izan da Lagun Onakentzat

Aitziber Arzallus 2026ko apirilaren 13a

Lagun Onak eta Aiztondoren arteko partida, atzo arratsaldean, Garmendipen. (Lagun Onak)

Gizonek 2 eta 1 galdu dute Aretxabaletako Udaren kontra; eta emakumeek 0 eta 1, Aiztondoren kontra.

Ez da asteburu ona izan Lagun Onaken talde nagusientzat. Gizonezkoek larunbatean jokatu zuten Espainiako Hirugarren Mailako norgehiagoka Aretxabaletako (Gipuzkoa) Uda taldearen kontra, hango Ibarra futbol zelaian, eta 2 eta 1ekoarekin bueltatu ziren etxera. Emakumeek, berriz, 0 eta 1 galdu zuten atzo arratsaldean Garmendipen Ohorezko Erregional Mailako partida Aiztondoren kontra. Punturik ez, beraz, ez batzuentzat eta ez besteentzat. 

Gizonezkoek gaizki hasi zuten partida, zazpigarren minutuan kontrako penalti eta guzti, nahiz eta atezainak gelditu egin zuen. Hortik aurrera zertxobait esnatu ziren Jose Luis Riberaren jokalariak, eta Udakoen atera hurbiltzen eta gol aukerak sortzen hasi ziren. Hala ere, inor ez zuen atearen aurrean asmatu eta markagailuan hutsean berdinduta zela iritsi ziren atsedenaldira. Atzera zelaira bueltan, 49. minutuan, bai; Gabilondok sartu zuen Lagun Onakentzat, markagailuan aurretik jarriz. Ordu erdi batez Lagun Onakekoak nagusi izan ziren zelaian, baina 76. minutuan etorri zen buelta, defentsan egindako akats bat tarteko gola jaso ostean. Ordutik aurrera urduritasunak hartu zituen bi taldeak; horren erakusle Uda jokalari bat gutxiagorekin gelditu izana eta Lagun Onaken kontra beste penalti bat adierazi izana. Eta bigarrenean asmatu egin zuen Udak. Horrela, 2 eta 1ekoarekin iritsi ziren partidaren bukaerara. 

Emakumeek, berriz, indartsu hasi zuten atzo arratsaldean etxean jokatutako partida, baloiaren jabetzarekin eta lehen minututik gol aukerak sortuz. Lehen zatia bukatzeko bost minuturen faltan, baina, gaizki defenditutako alboko sake baten ondotik gola jaso zuten etxekoek, eta 0 eta 1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia ere bide beretik joan zen: baloiaren jabetza bai, gol aukerak bai, baina ezin golik sartu; tartean bitan jo zuten zutoina. Eta horrenbestez, 0 eta 1ekoarekin bukatu zuten partida, eta hiru puntuak Aiztondokoentzat izan ziren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide