Hamar egunetan bi emakume hil eta beste bat hiltzen saiatu direla salatu du Itaiak

Maialen Etxaniz 2026ko apirilaren 13a

"Egoera larria" dela nabarmendu du Itaiak Iruñeko azken heriotza salatzeko egindako elkarretaratzean. Antolakundeko kideek nabarmendu dute gero eta garrantzitsuagoa dela indarkeria matxistaren aurka mobilizatzea eta "eremu guztietan" matxismoaren adierazpenei aurre egitea. 

Indarkeria matxistagatik ezarritako urruntze agindua urratu zuen gizon batengandik ihesi zihoala, 37 urteko emakume bat hil zen atzo Iruñean eraikin bateko hirugarren solairutik erori ostean. Heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Azpeitiko plazan Itaiak deituta, eta hamarnaka herritar batu da deialdira.

Iruñekoa urteko laugarren hilketa matxista dela salatu dute Itaiako kideek, eta esan dute gizonak urruntze agindua urratu izanak agerian uzten duela erakundeek hartutako neurriak ez direla nahikoa. Gainera, 2026ko datuek "egoera larria" dela erakusten dutela nabarmendu du antolakundeak; salatu du azken hamar egunetan bi hilketa matxista izan direla Euskal Herrian eta beste emakume bat hiltzen saiatu direla. Emakumeen antolakunde sozialistak adierazi du Euskal Herrikoak ez ezik, Espainiako Estatuko datuak "beldurgarriak" direla: "Urtea hasi zenetik lau egunetik behin emakume bat hil dute". 

2026an Euskal Herrian indarkeria matxistaz lau emakume hil dituzten arren, matxismoa ukatzen duten diskurtsoak zabaltzen ari direla salatu dute Itaiako kideek gaurko elkarretaratzean: "Datuak beldurgarriak dira, eta bien bitartean emakumeok exajeratu batzuk garela entzun behar izaten dugu, matxismoa ez dela existitzen eta emakumeon aurkako indarkeriarenak kasu isolatuak besterik ez direla dioten diskurtsoak jasan behar izaten ditugu. Errealitateak, ordea, kontrakoa erakusten du, eta matxismoak bere horretan jarraitzen du". 

Egoera "larria" dela eta, matxismoaren aurkako borrokara batzera deitu du Itaiak, gero eta jende gehiago indarkeria matxistaren aurka posizionatzea "ezinbesteko" ikusten baitu antolakundeak. Horrenbestez, indarkeria matxista ororen kontra jarraituko dutela berretsi dute gaurko elkarretaratzean, horretarako "eraso guztiei aurre egiten eta erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen". Era berean, "matxismoa ukatzen duten diskurtso erreakzionarioei" aurre egitearen garrantzia nabarmendu dute: "Indarkeria matxistaren kontra posizionamendu irmoa hartzeko momentua da, emakumeon aurkako jarrerek ez dezaten lekurik izan ez gure kaleetan, ez etxeetan, ez sare sozialetan, ez inon". Itaiarentzat "beharrezkoa" da matxismoaren aurkako kontzientziazio lana eta borroka indartzea "matxismoari aurre egingo dion mugimendu indartsua eratzeko", eta horretara deitu ditu herritarrak. 

Elkarretaratzearen aurretik, herriko hainbat txokotan egin dute protesta Azpeitiko Itaiako kideek, eta azken hilketen berri ematen duten pankartak eta ke poteak zabaldu dituzte. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide