Euskal Herriko mugimendu lesbikoaren genealogia bisuala biltzen duen Bollologia izeneko erakusketa ikusgai jarriko du Azpeitiko Udalak Sanagustin kulturgunean, Astindu Armayuek asanbladarekin elkarlanean. Astelehenean zabalduko dute erakusketa, eta aste osoan izango da ikusgai –hilaren 27ra arte– iraganeko eta gaur egungo borroken eta erreferenteen ibilbidea jasotzen duen bilduma.
Astelehenean irekiko dute erakusketa, 18:30ean, eta Marta Luxan erakusketaren egileak bisita gidatua eskainiko du. Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna izango da apirilaren 26an, eta hain zuzen ere, egun horren bueltan jarriko dute erakusketa Sanagustinen.
Berdinduren zerbitzua herrian
LGTBI+ komunitateari zuzendutako baliabideak herritarrei eskaintzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren Berdindu zerbitzu ibiltaria Azpeitiko Emakumeen Txokoan eskainiko dute asteartean, apirilaren 21ean.
Egun horretan identitateari, orientazio sexualari, legediari nahiz aniztasun sexualari buruzko zalantzak argitu nahi dituzten herritar guztiek izango dute zerbitzura jotzeko aukera. Berdinduko kideek arreta presentziala 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara eskainiko dute Emakumeen Txokoan.
Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek Berdindu zerbitzuarekin jar daitezke harremanetan, 900 84 01 28 edo 688 76 98 65 telefono zenbakietara deituta edo berdindu-gipuzkoa@euskadi.eus helbidera mezua idatzita.