Larunbatean, hilak 18, igeriketa egokituko Marea Urdina-Izarraitz Saria jokatuko dute Azpeitiko igerilekuan, hirugarren urtez jarraian. Federatu gabekoek parte hartuko dute sariketaren lehenengo zatian, eta bigarrena, berriz, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzenduta egongo da.
Parte hartzaileek 16:00etarako joan beharko dute igerilekura, orduan hasiko baitute beroketa saioa. 16:45ean federatu gabekoen txapelketa egingo dute, eta 17:00etan, berriz, aniztasun funtzionala duten pertsonak soilik lehiatuko dira. Igerilariek aukeran izango dute 25 edo 50 metroko proba egitea.