Zestoatik Izarraizpe ikastolara joaten diren autobusentzat geltoki berria egokituko du udalak Garmendi auzoan

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 14a

Hasi dira geltokia egokitzeko lanekin. (Azpeitiko Udala)

Garmendipeko goiko futbol zelai artifizialaren parean atonduko dute geltokia, eta datorren astetik izango da erabilgarri. Trafiko arazoak arintzeko eta eskola bideak seguruago bilakatzeko hartu dute neurria. Eskola egunetan eremua autobusentzat soilik izango da erreserbatuta 08:00etatik 09:00etara eta 14:00etatik 15:00etara; gainerako ordu tarteetan edozein ibilgailu aparkatu ahal izango da gune horretan.

Eskola orduen bueltan Garmendi auzoan sortzen diren trafiko arazoak arintzeko xedez, autobus geltoki berri bat egokituko du udalak auzo horretako 13. eta 17. zenbakien artean. Hain zuzen ere, Garmendipeko goiko futbol zelai artifizialaren parean atonduko dute geltokia, eta Zestoatik Izarraizpe ikastolara ikasleak ekartzen dituzten autobusak han geratuko dira; zehazki, DBHko ikasleek baliatzen dituzten bi autobus handi eta autobus txiki bat. Gainera, ibilaldietara-eta abiatzeko geltoki hori baliatuko dute ikasleek aurrerantzean.

Udalak gaur, asteartearekin, hasi ditu geltokia egokitzeko lanak, eta leku aldaketa datorren astean egitea aurreikusten du erakundeak. Gainera, autobus geltoki berria martxan jartzen duten lehen egunetan Udaltzaingoak aldaketara egokitzen lagunduko duela azaldu du udalak.

Eskola egunetan 08:00etatik 09:00etara eta 14:00etatik 15:00etara autobusentzako erreserbatuta izango da geltoki berria. Dena den, gainerako ordu tarteetan edozein ibilgailuk izango du gune horretan aparkatzeko aukera. Halaber, eremu horretako zebrabideak txukunduko ditu udalak.

Eskola bideak seguruago bilakatzeko ekimenari lotuta egin du geltoki aldaketa Azpeitiko Udalak; izan ere, hainbat neurri hartzen ari da helburu hori lortzeko. Martxan den ikasturtean, esaterako, Izarraizpe ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren aurreko autobus geltokia ere handitu du erakundeak, oinezkoen segurtasuna hobetzeko xedez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide