Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bilduko dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Kubaren egoera "oso larria" dela adierazi dute bilketaren sustatzaileek, eta egoera hori “iraultzaz geroztik” Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Kubaren aurka izan duten politika "isolazionista eta kriminalen ondorioa" dela salatu dute: "Azken urteetan biziagotu egin du blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere. Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau".
Oinarrizko produktuak bilduko dituztenek nabarmendu dute "itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate" bilakatu direla Kuban, eta ondorioz eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari direla; "horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza". Halaber, gogoratu dute Kuba hamarkadetan "elkartasun internazionalistaren eredu" izan dela, eta hori kontuan hartuta Kubako herriari elkartasuna adieraztera deitu dituzte herritarrak: "Medikuak bidali ditu munduko hainbat txokotara edota pandemia garaian txertoak bidali zituen hainbat herrialdetara. Elkartasuna ulertzeko forma aurrerakoiago bat erakutsi dio Kubak munduari, etika sozialistaren lekuko”.
Bilketa egunak eta tokiak
Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan apirilaren 25ean bilduko dituzte Kubarako produktuak, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren ekimenez. Egun horretan, 10:00etatik 14:00etara, bilketarako postuak honako lekuetan ipiniko dituzte: Azpeitian, Juan XXIII.a auzoko Eroskin, Sanjuandegiko Eroskin eta plazan; Azkoitian Lidl-en eta Maxi Eroskin; eta Zestoan Gesalaga kalean.
IASek, berriz, ikastetxeetan ere bilduko ditu oinarrizko produktuak bihartik hilaren 24ra bitartean: bihar, hilaren 23an eta 24an Ikasberrin, Iraurgin, Izarraizpe DBHn eta Azkoitia BHIn bilduko dituzte produktuak; Izarraitz LHn bihar, hilaren 22an eta 23an jasoko dituzte; eta Izarraizpe batxilergoan apirilaren 23an eta 24an.
Bilduko dituzten produktuak "egoera larriari aurre egiteko" izango direla adierazi dute, besteak beste, honako produktuak jasoko dituzte: osasun materiala (botikak, tresna medikoak eta baliabide kirurgikoak, eskularruak eta presebatiboak), higiene materiala (konpresak, toailatxoak nahiz haurrentzako eta helduentzako pixoihalak), garbiketarako produktuak eta materiala (erratzak, oihalak, eskutrapuak, biberoiak garbitzekoak...), elikadura osagarriak (bitaminak, mineralak, gantz-azidoak eta probiotikoak) eta elikagai ez galkorrak (2027ko urtarriletik aurrera iraungiko diren latako jakiak, pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak), kirol materiala (baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta kirolerako arropa nahiz oinetakoak) eta ikas materiala (arkatzak, boligrafoak, koloretako margoak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak…).
Materiala emateaz gainera, plaka fotovoltaikoetarako diru ekarpena egiteko aukera ere izango dela zehaztu du EHKSk. Horretarako, Euskadi-Kubak kontu korronte zenbaki bat jarri du eskuragarri, baina EHKSren bilketa postuetan ere izango da ekarpena diruz egiteko aukera.