Herenegun goizaldean 37 urteko emakume bat hil zen Iruñean eraikin bateko hirugarren solairutik erorita, urruntze agindua ezarrita zeukan gizon batengandik ihesi. Heriotza salatzeko mobilizazioak deitu ditu gaurko Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta Azpeitiko Feministen Sareak ere bat egin du deialdiarekin. Azpeitiko plazan egin dute hilketa matxista salatzeko protesta 18:30ean, Nahikoa da; autodefentsa feministaz erantzungo dugu lelopean. Gaur eraman dute epaitegira hil zen emakumea atxiki zuen gizonezkoa, eta Iruñeko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko Epaitegiak ebatzi du gizona espetxeratzea, urruntze agindua urratu eta emakumea legez kanpo atxikitzeagatik.
Mugimendu Feministak salatu azken hamar egunetan bi hilketa matxista eta beste hilketa saiakera bat izan direla Euskal Herrian, eta indarkeria matxista egiturazkoa dela azpimarratu du: "Sistema oso bat dago honen atzetik; zisheteropatriarkala, kapitalista, arrazista eta koloniala dena, eta erailketa guztiekin gertatzen den moduan, inoiz baino agerikoagoak dira emakumeok zeharkatzen gaituzten indarkeria matxistak". Halaber, indarkeria matxistak "aurpegi ugari" dituela nabarmendu du Mugimendu Feministak, eta ez duela gorputz oro modu berean gurutzatzen. Horri lotuta, "arrazakeriak indarkeria areagotzen" duela salatu dute: "Emakume migratu eta arrazializatuak sistematikoki babesgabe uztera arte. Erregularizazioaren menpekotasuna, eta baliabideetarako sarbiderako oztopoak ez dira kasualitatea: politika arrazisten ondorio zuzena dira".
Iruñeko kasuan jarri du arreta Mugimendu Feministak, eta etxebizitza eskubideak eta etxebizitzarako sarbidea jarri dute fokuan. "Ikusi dugu etxebizitza eskubidea merkatu arrazista eta espekulatiboa elikatzeko nola erabili den. Eta guk argi dugu: etxebizitza duinik gabe, ez dago bizitza duinik; eta ez dago indarkeriatik ihes egiteko aukerarik. Prekaritateak ez du soilik pobrezia eragiten: arriskuan jartzen gaitu, eta kasu honetan, hil egin du". Era berean, erakundeen aurka ere jo dute, eta "irmoki" salatu dute instituzioen erantzukizun falta: "Indarkeria matxistak ertz asko ditu eta emakumeok askotariko prozesu eta erritmoak ditugu, baina nola da posible indarkeria matxista pairatzen duen emakume batek etxebizitza duin bat bermaturik ez izatea? Non daude instituzioak funts putreak babestutako etxebizitzak erosten dituztenean? Emakumeak behar bezala artatzea, baliabide guztiak haien esku jartzea, kasuen jarraipena egitea nahiz laguntza eta babesa ematea ere bada instituzio publikoen betebeharra eta emakumeak haien erasotzaileekin bakarrik uztea ardugabekeria da".
Gizonak ere jarri dituzte jopuntuan, eta haiei ardura hartzeko deia egin diete: "Noiz arte jarraituko duzue beste aldera begira? Jakin badakigu, egiturazko arazoa dela indarkeria matxista baina badakigu ere ezinezkoa izango dela honekin bukatzea gizonek zuen anaitasun eta konplizitate sareekin apurtu arte, egiturara sostengatzen duen pieza zarete. Zuen matxismoak hiltzen du, zuen arduragabekeriak hiltzen du, zuen konplizitateak hiltzen du eta gu nazkaturik gaude".
Matxismoaren aurrean autodefentsa feministaz erantzutera deitu du Mugimendu Feministak, eta norabide horretan lanean jarraituko dutela berrestu dute, "gure artean aliantzak sortzen, gune seguruak eraikitzen, kolektibotasunetik politika egiten, behar den bezian bestetan salatzen eta kaleak hartzen". Horrenbestez, "denok aske bizitzeko" egunro egoera aldatzeko prestutasuna agertu du mugimenduak.