Eskualdeko ekintzaileek aitortza jaso dute, Ekintzaileen Nazioarteko Egunean

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 17a

Ekintzaileak oroigarriekin eta Iraurgi Berritzeneko ordezkariak, atzo. (Iraurgi Berritzen)

Iraurgi Berritzenek Ekintzaileen Nazioarteko Eguna ospatu du, eta Urola Erdian iazko urtean enpresa sortu zuten ekintzaileak omendu ditu. Hitzaldi baten ostean, Gorka Larrañaga margolariak sortutako lanarekin oroigarri bana jaso dute ekintzaileek.

Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziaren ekintzailetza arloko lantaldearen ekimenez, Ekintzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zuten atzo hirugarren urtez. Urola Erdian 2025ean enpresa sortu duten ekintzaileak omentzeko baliatu nahi izan dute eguna.

Ekitaldiaren bidez, iaz enpresa sortu zuten ekintzaileek egindako ahalegina, konpromisoa eta eskualdeko ehun sozioekonomikoari egindako ekarpena eskertu nahi izan dituzte. "Tokiko ekintzailetzak funtsezko zeregina betetzen du gure udalerrietan zerbitzu eskaintza bizirik mantentzeko, emplegua sortzeko eta herrietako dinamismo ekonomiko eta soziala indartzeko", adierazi du Iraurgi Berritzenek.

Gainera, IE Team aholkularitzakok hitzaldia eskaini zien atzo ekintzaileei, ekintzaileen eguneroko erronkei eta aukerei buruz hausnartzeko tartea emanez. Ekitaldiaren bukaeran, berriz, ekintzaile bakoitzari oroigarri bana eman zioten, Gorka Larrañaga margolariak sortua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide