Mugiment Pauso Erronka izeneko ekimena egingo dute bigarrenez maiatzaren 11tik 31ra bitartean kirol orientazio zerbitzua duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 56 udalerritan, tartean Azpeitian. Lehiaketa birtuala da, eta parte hartzaileek egunean emandako pauso kopurua erregistratu beharko dute, ahalik eta pauso gehien ematen saiatuz. Parte hartzaileek hainbat sari eskuratzeko aukera izango dute.
Osasun fisiko eta emozionala hobetzeko eta jarduera fisikoaren kultura bultzatzeko helburua du ekimenak. 14 urtetik gorako herritar orok parte hartu dezake; horretarako, nahikoa da Mugiment Pauso Erronka izeneko aplikazioa deskargatzea eta norbere udalerriko taldean izena ematea.
Hain zuzen ere, erronka Wellk mugikorreko aplikazioaren bidez garatuko dute. Taldekako eta banakako sailkapenak egongo dira ikusgai denbora errealean, eta maiatzaren bukaeran hainbat sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.
75 euroko opari txartelak banatuko dizkiete pauso gehien eman dituzten emakume eta gizonei –desgaitasuna duten pertsonentzako kategoria bereziarekin–. Taldeka, berriz, udalerri bakoitzean pauso gehien eman dituzten bost pertsonak jasoko dute saria, eta beste bost sari udalerriko taldekide guztien artean zozketa eginda banatuko dituzte. Era berean, parte hartzaile gehien dituen udalerriari 30 euroko bost opari txartel emango zaizkio taldeko parte hartzaileen artean zozketatzeko.
Parte hartzeko jarraibideak
- App-a deskargatu: Wellk aplikazioa instalatu Android edo iOS gailuetan.
- App-ean izena eman.
- Talde batera batu: Hasierako orrian "Mugiment Pausu Erronka" >Taldeak> zure udalerria aukeratu.
- Pausoak erregistratu: zure eguneroko pausoak automatikoki kontatuko dira.
Parte hartzeko pauso guztiak bideo bidez azalduta daude honako lotura honetan.
Aplikazioa instalatzeko zailtasunak dituztenei Azpeitiko kirol orientazio zerbitzuan lagunduko diete. Azpeitiko igerilekuan dago zerbitzu hori, eta haiekin harremanetan jartzeko, 688 84 51 19 telefono zenbakira deitu edo koz@azpeitia.eus helbidera idatzi beharko da. Izen ematea irekita dago.