Santutxon 28 etxebizitza eraikiko ditu Azpeitiko Udalak; hamar babes ofizialekoak izango dira eta hemezortzi tasatuak. Dagoeneko, etxebizitza horiek eraikitzen hasteko bidea hasita du erakundeak, eta jakinarazi du babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduran parte hartzeko Etxebiden izena emanda egon beharko dela azaroaren 1a baino lehen. Santutxoko hemezortzi etxe tasatuen kasuan, berriz, udal erregistroan eman beharko da izena, horretarako epea zehazten dutenean.
Erdikalean ere hamabi etxebizitza tasatu eraikiko ditu udalak, eta horien zozketan parte hartzeko izena udal erregistroan eman beharko da horretarako epea zehazten dutenean.
Udalak azaldu du, uda aurretik argitaratuko dituela Santutxoko nahiz Erdikaleko etxebizitzen oinarri arautzaileak, eta horietan zehaztuko dituztela etxeen zozketetan parte hartzeko baldintzak. Etxebizitzen zozketa, berriz, urtea bukatu aurretik egin nahi du udalak. "Elkarrekin egingo dira etxebizitzen bi promozioen zozketak; hau da, 40 etxebizitzenak", aurreratu du udalak..
Santutxoko nahiz Erdikaleko babes ofizialeko nahiz tasatutako etxebizitzetan izena emateko erregistroak bi bidetatik egin beharko direla azpimarratu du udalak.
1. Santutxoko babes ofizialeko hamar etxebizitzak.
- Etxebiden egon beharko da izena emanda, alta egoeran, erosketa erregimenean eta etxebitza eskuratzeko herria 'Azpeitia' jarrita. Baldintza horietan izena emanda egon beharko da azaroaren 1a baino lehen.
- Etxebiden izena altan emanda egoteaz gainera, Santutxoko babes ofizialeko etxebizitzen zozketan parte hartu nahi dutenek beste eskaera bat egin beharko dute zozketan parte hartzeko nahia azalduz. Zozketan parte hartzeko eskaera hori egiteko epea oinarri arautzaileak argitaratzen dituztenean –uda aurretik argitaratzeko asmoa dute– jakinaraziko dute. Eskaera hori egiteko, beharrezkoa izango da Etxebideko espediente zenbakia.
2. Santutxoko hemezortzi etxebizitza tasatuak eta Erdikaleko hamabi etxebitzitza tasatuak.
- Etxebizitza horien esleipen prozeduran parte hartzeko, udal erregistroan izena eman beharko da horretarako zehaztuko duten epean, Etxebizitza Bulegora joanda (Enparan kalea, 34) edota online Azpeitiko Udalaren webgunearen bidez.