Realak Espainiako Errege Kopako finala jokatuko du Atletico Madrilen aurka bihar Sevillan (Espainia), eta Azpeitian ere nabari da finaleko giroa. Herriko realzale asko dagoeneko hasiak dira Sevillara joaten, baina beste askok herritik animatuko dute talde txuri-urdina eta horren erakusle dira etxeetako balkoiak eta hainbat saltokitako erakusleihoak. Izan ere, kolore txuri-urdinez jantzi dituzte horiek, askotariko banderekin, bufandekin nahiz kamisetekin apainduz.
Halaber, Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea ere Sevillako La Cartuja zelaian izango da bihar, Realak Gipuzkoako alkateei egindako gonbidapenari baiezkoa eman baitio. Klub txuri-urdinaren gonbidapena onartu duten alkateak gaur 17:00etan egingo dute bidaia Sevillara.