Ez dira gutxi gaur Sevillan jokatuko duen Espainiako Errege Koparen finalean Reala animatzera joan diren edota uneotan harako bidean diren azpeitiarrak. Azken horien artean daude bart 23:00 aldera herritik irten diren hiru autobusetan dihoazen zaleak, 150etik gora.
104 lagun joan dira Etxe-Zuri tabernak antolatutako bi autobusetan. Urte luzez kudeatu dituzte Etxe-Zurin Realak Anoetan jokatzen zituen partidetarako klubak jarritako autobusen txartelak. Duela bi denboraldi digitalizatu egin zuen kudeaketa hori klubak, baina gaurko finalerako autobusen usadioa berreskuratzea erabaki dute Etxe-Zurikoek. Perez Arregiko plazako taberna ez da izan, ordea, Azpeitia eta Sevilla arteko joan-etorrirako autobusa jarri duen bakarra; herriko lagun talde batek 50etik gora lagunekin bete du atzo irten zen beste autobusa.
Hiru autobusetako zaleek taldeko argazki hau atera zuten Etxe-Zuiri atarian, abiatu aurretik.