Marreroren Reala, Espainiako Kopako txapeldun

Maialen Etxaniz 2026ko apirilaren 19a

Marrero eta Agirrezabalaga, finala irabazi berritan. (Utzitakoa)

Atletico Madrilen aurkako finaleko protagonista bihurtu da Marrero; atezain azpeitiarra erabakigarria izan da emaitzan, penaltien txandan bi jaurtiketa geratuta. Finaleko jokalari onenaren saria jaso du Loiolakoak. Urte luzez egindako lana eta Azpeitia, "asko maite" duen herria, izan ditu gogoan finala amaitzean. Oier Agirrezabalaga prestatzaile fisiko azpeitiarrarena ere bada garaipena. Hamazazpi urte egin ditu Zubietan lanean, eta urtarriletik lehen taldearen prestatzaile fisikoa da. 

Reala eta Atletico Madril parez pare Sevillako Cartuja estadioan. Tentsioa eta urduritasuna nagusi. Arauzko denbora amaitu da, eta markagailuan emaitza: 2-2. Luzapenean golik ez, eta penaltietara.

Penaltietan irabazi du Pellegrino Matarazzok zuzendutako Realak Espainiako Kopako finala Atletico Madrilen aurka, eta lehertu da festa. Unai Marrero atezain azpeitiarrak balentria galanta egin du, eta finaleko protagonista bihurtu da, erabakigarria izan baita emaitzan, penaltien txandan bi jaurtiketa geratuta. Jokalari onenaren saria ere jaso du. "Marrero, Marrero" diote zale txuri-urdinen oihuek Cartujan, baita zaleen gunean ere. Sevillan bakarrik ez, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean elkartutako ehunka herritarrek ere azpeitiarraren izena oihukatu dute denbora luzez, partida amaitu berritan.

Azpeitia Sevillara begira jarri da bart. Jendez lepo bete da Sanagustin Realaren eta Atletico Madrilen aurkako neurketa ikusteko, eta tentsio une luzeak igaro ostean, jai giroan amaitu da hitzordua. Kulturgunean ez ezik, herriko hamaika elkarte eta txokotan jarraitu dute Realaren partida, eta suziriak jaurti dituzte finala amaitu bezain pronto.



Txapeldunak Azpeitia hartu du gogoan

Loiolako atezaina hunkituta eta oso pozik mintzatu da finala amaitu berritan, eta horrenbeste maite duen Azpeitia ekarri du gogora EITBri emandako adierazpenetan. Finala irabazita, haren "ametsa egi bihurtu" dela aitortu du. Hainbatetan une txarrak pasatu izan dituen arren, "egindako lanaz harro" dagoela aitortu du Loiolakoak, eta merezi izan duela. Besarkada bat bidali du Azpeitira, eta gogoan izan ditu herria, familia eta lagunak: "Azpeitiarra naiz ni, Loiolakoa. Asko maite dut nire herria, nire lagunak, nire familia ; Azpeitiak dena eman dit. Besarkada handi bat Azpeitiko herriari".

Prentsa agerraldian, Euskadi Irratiko Txetxu Urbieta kazetari azpeitiarrak galdetu dio ea nola sentitzen den "loiolatar bat realzaleen heroi" bihurtuta, eta Marrerok adierazi du oraindik gertatutakoa sinetsi ezinda dagoela. "Hau ikaragarria da", erantzun du. "Txikitatik amestu dudan zerbait da; realzalea naiz, azpeitiarra, Loiolakoa, realzalea txiki-txikitatik". Lortutakoarekin oso pozik dagoela adierazi du, eta are gehiago realzaleak zoriontsu egiteagatik. Sevillara joandako azpeitiar eta zaleak ere hartu ditu gogoan, lagunak batez ere, eta haiengandik jasotako babesa eskertu du hunkituta. 

 

Agirrezabalagarena ere bada garaipena

Marrerorena ez ezik, Oier Agirrezabalaga prestatzaile azpeitiarrarena ere bada garaipena. Gizonen lehen taldeko prestatzailea Cartujan zen atzo, eta haren lanaren emaitza ere bada txuri-urdinek etxera dakarten kopa. Azpeitiarrak hamazazpi urte egin ditu Zubietan lanean, harrobiko hainbat talde eta kategoriatan, eta horietatik hamar urte Realaren bigarren taldean egin zituen. Agirrezabalaga urtarriletik da lehen taldearen prestatzaile fisikoa. 
Finalaren zuzeneko euskarazko kontakizunak ere Urola bailarako esentzia izan zuen. Txetxu Urbieta azpeitiarra eta Maitane Urbieta zumaiarra aritu ziren esatari lanetan Euskadi Irratian emozioz betetako finala kontatzen.  Zumaiako kazetari realzaleak bere ofiziotik ere egin du historia; izan ere, finala euskaraz kontatu duen lehen emakumea izan da.

Oier Agirrezabalaga, Txetxu Urbieta, Unai Marrero eta Maitane Urbieta, atzo. (Utzitakoa)

Realaren gizonezkoen taldeak historian irabazi duen laugarren Espainiako Kopa da atzokoa: aurrez, 1909an, 1987an eta 2021ean zuen lortua.

Asteburuan Sevillan izan diren eskualdeko zenbait realzaleri egindako elkarrizketekin zein hango giroarekin osatutako bideoa argitaratuko du gaur Gukak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide