Jokoan oso nagusi, baina galtzaile

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 20a

Lagun Onak-Durango neurketaren irudi bat. (Lagun Onak FT)

Aukera bakarrean gola eginda, urrea eraman zuen Durangok ostegunean Garmendipetik. Hiru jardunaldi falta dira Hirugarren Mailan denboraldi erregularra bukatzeko eta igoerako kanporaketak jokatzeko postuei eusten die Lagun Onakek.

Golik sartu ezean, alferrik izaten da merezi izatea, eta horixe gertatu zaio Lagun Onaken gizonen talde nagusiari Espainiako Hirugarren Mailako azken jardunaldian.

Realaren finala zela-eta ostegunera aurreratutako partidan, 0-1 galdu zuten Jose Luis Riberaren gizonek Garmendipen Durangoren kontra. Bizkaiko taldeak aukera garbi bakarra izan zuen neurketa osoan, baina hari etekina ateratzen jakin zuen. Etxekoek, aldiz, aukera on ugari sortu zituzten, baina ez zuten asmatu; atezaina izan zen Durangokoen jokalaririk onena Garmendipen, alde handiarekin, gainera. Jokoaren ekimena Lagun Onaki utzita, atzean sartuta eta kontraerasoaren bila aritu zen Durango Garmendipen, eta etekin borobila atera zion zekentasunari. Lehen zatian atea hutsean mantentzea lortuta, bigarren zatiko hamargarren minutuan iritsi zen neurketako gol bakarra, eta Lagun Onakek ezin izan zien altxorra eskuetatik kendu bisitariei.

Hiru jardunaldi falta dira Hirugarren Mailan denboraldi erregularra bukatzeko eta, azken bi partidak galduta ere, igoerako kanporaketak jokatzeko postuei eusten die Lagun Onakek. Bigarrenetik bosgarren postura artean sailkatzen diren lau taldeek jokatuko dute igoerako play-off-a eta uneotan laugarren postuaren jabe da Lagun Onak, 52 punturekin. Jokoan bederatzi puntu gelditzen dira, eta lauren aldea ateratzen dio Riberaren taldeari hirugarren tokian dagoen Touringek; atzetik, berriz, bi puntura dauka Lagun Onakek bosgarrena, Alaves C; hiru puntura, berriz, seigarrena eta zazpigarrena, Derio eta San Ignacio; eta hortik atzera, beste bi talde behintzat badaude oraindik aukerekin.

Datorren igande eguerdian, jaitsiera saihesteko borrokan murgilduta dabilen Añorgaren zelaian jokatuko du Lagun Onakek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide