Urtean zenbat txapelketatan parte hartzen duzu?
Jendeak galdetu izan dit, eta ez dut jakin izan erantzuten. Dena den, iaz zenbaketa egin nuen; 48 txapelketatan parte hartu nuen.
Urteko asteburu bakoitzean txapelketa bat ia. Ez al duzue atsedenik hartzen?
Bai, baina behar baino gutxiago. Asteburuero saturatu egiten zait burua, eta beharrezkoa da atsedena, baina... Asteburuan txapelketa bat jokatu, eta hurrengoan ez dudala parte hartuko pentsatzen dut, baina osteguna iristen denerako...
Irabazi duzun txapelketarik gogoangarriena, zein?
Madrilgoa, Torrelodonesen jokatutakoa. Urteko txapelketarik indartsuena izaten da, 12.000 euroko diru saria izaten baita. Murgiako [Araba] lagun batekin batera irabazi nuen hiru eguneko lehia, eta izugarria izan zen.
Zer da musa zuretzat?
Gauza oso garrantzitsua da nire bizitzan. Ez da txapelketara joan, jokatu eta irabazi edo galdu; lagun pila bat egin ditut musaren bueltan. Euskal Herrian jende pila bat ezagutu dut, baita Espainian ere, eta niretzat hori da garrantzitsuena.
Nola trebatzen da musean?
Asko jokatzea da gakoa, eta partida asko ikustea ere bai. Horrez gain, garrantzitsua da jende onarekin elkartzea. A, eta pazientzia eduki behar da.
Ondo jarduteko zer da ezinbestekoa?
Bikotekidea ondo ezagutzea; izan ere, egoki komunikatu behar dute jokalariek elkarrekin, erabaki onak hartu ahal izateko. Zoriak ere laguntzen du, karta egokia tokatzeak asko laguntzen duelako.
Hordagoa noiz?
Ondo zabiltzanean, pareak tokatutakoan. Halakoetan, pazientziaz hartu behar da kontua. Hordagoa botatzeko ausardia ere behar da, baita aurkariek atzera egitea ere.
Eta 31 eskutik duzunean...
Hori da museko jokaldirik ederrenetakoa; izan ere, horrekin bermatzen duzu hiru puntu eskuratzea. Musean 20, 30 edo 40 tantotara jokatzen da, eta 31 eskutik izanda... Lau erregetara edo zortzitara jokatu, hiru puntu baino gehiago batu ditzakezu jokaldiaren arabera.
Begirada mahaiko tapizetik altxatuta. Hordagoa zeri?
Ametsei. Bizitzan bakoitzak bere buruagatik borrokatu behar izaten du, eta nik badut konfiantza neure buruarengan; neure buruagatik egiten dut apustua.
Egia ala gezurra, zer esaten duzu gehiago?
Egia esatea komeni da, baina gezur asko esaten ditut. Karten araberakoa izaten da hori, dena den; jokaldiaren arabera erabakitzen duzu egia ala gezurra esan. Batzuetan behartuta egoten zara gezurra esatera, eta beste batzuetan lortzen da egia esanda ttirri-ttarra aurrera egitea.
Musean garrantzitsua al da poker aurpegia jartzea?
Ez, ez, poker aurpegirik ez dut jartzen nik. Hordagoa jotzen dutenean, dauzkazun karten arabera erabaki behar izaten duzu zer egin. Estatistikekin ere jokatzen dut askotan; probabilitateari asko begiratzen diot.
Zorte kontua al da musa?
Zorte kontua bilaka daiteke jokoa, baina, oro har, ez. Jokatzeko modu asko daude, eta alde handia dago jokalari onen eta ez hain onen artean.
Jokoa ez al da errenta?
Ez, noski. Entretenigarria delako jokatzen dut musean. Horretatik ez dago bizitzerik, baina disfrutatzen segitu nahi dut.