Jaione Zubizarreta: "Laguntza izanda, pertsona denek dute talenturen bat lan munduan jarduteko"

Nerea Uranga 2026ko maiatzaren 28a

Jaione Zubizarreta, KL Katealegaiak Zarautzen duen lantegian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Desgaitasuna duten edota egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako lan aukerak sortzeko helburua duen KL Katealegaia enpresaren pertsonen arloko zuzendaria da Jaione Zubizarreta. Ekintza sozialeko enpresa batean jarduteko gogoa aspalditik zuen azpeitiarrak, eta orain hiru urte sortu zitzaion horretarako aukera. Apirileko Azpeitia Guka aldizkariko elkarrizketa da hau.

Zuzenbide Ekonomikoan lizentziatua da, baina batik bat bere ibilbide profesionala lan harremanen eta pertsonen kudeaketa arloan egin du Jaione Zubizarretak (Azpeitia, 1970). Aspalditik zuen gogo bati segika, orain dela hiru urte lortu zuen bere nahia: ekintza sozialeko enpresa batean lan egitea. KL Katealegaia enpresa taldeko pertsonen arloko zuzendaria da gaur egun; Gipuzkoako eskualde guztietan barrena hamabi lantegi ditu talde horrek, eta mila langile inguru. 2005ean, Katea eta Legaia erakundeak elkartu eta KL Katealegaia sortu zuten, baina bi eragile horien lehen lantegiak 1979. urtearen inguruan ireki zituzten.

Gogobetetzen duen lana duela dio Zubizarretak: "Gustuko ditudan bi arlo uztartzen ditu gaur egun egiten dudan lanak: pertsonak eta industria". Hernanin du lantokia, baina Gipuzkoa osoan dituzten lantegietan ibiltzen da hara eta hona: "Ordenagailu eramangarria da gure lanerako tresna, lantegi batetik bestera ibiltzen garelako".

Hiru urte dira KL Katealegaian lanean hasi zinela. Nondik nora?

Ekintza sozialeko enpresa batean lan egiteko gogoarekin urteak neramatzan, orduan industria enpresetan ari nintzen lanean. Orain dela hiru urte, KL Katealegaiako pertsonen arloko zuzendaria joan egin zen, eta deitu egin zidaten bertan hasi nahi nuen galdezka. Aukera horri heldu nion, eta orain dela hiru urtetik Katealegaiako pertsonen arloko zuzendaria naiz; zazpi pertsona ditut nire taldean. Giza baliabideak bezala ezagutzen den arloa da nik zuzentzen dudana, baina kontzeptu hori ez dut oso gogokoa.

Zer berezitasun du enpresa horrek, besteengandik bereizgarri duena?

Irabazi asmorik gabeko eta ekintza sozialeko industria sektoreko lan sozietate mugatuko enpresa bat da. Gure jarduera da kalitatezko enpleguak eta lan aukerak sortzea desgaitasunak dituzten, gizartean baztertze arriskuan dauden edota egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako. Azken finean, hori da gure oinarrizko misioa. Horretarako, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ibilbide pertsonalizatuak lantzen ditugu gure enpresara datozen pertsonekin, baita beste enpresa batzuetara doazenekin ere. Helburu hori kontuan hartuta, programa bereziak ditugu landuta. 

Industriaren sektorean erreferente diren enpresentzako lan egiten dugu, enpresa horien hornitzaile integralak gara. Horrek zer esan nahi du? Industriako osagaiak industrializatzen, ekoizten eta muntatzen ditugula. Beraz, punta-puntako enpresentzako lan eginez lortzen ditugu lan aukerak.

Gipuzkoako enpresa bat da KL Katealegaia eta eskualde guztietan ditugu lantegiak, denera hamabi ditugu: Azkoitian, Zarautzen, Urretxun, Tolosan, Bergaran, Mutrikun, Aretxabaletan, Oñatin… Azkoitikoan, esaterako, 70 lagunek lan egiten dute. Eskualde denetan lantegiren bat izanda, desgaitasunen bat edota behar bereziren bat duten pertsonei lanerako aukera gertuago izatea ahalbidetzen diegu.

Enpresa inklusiboa da zuk lan egiten duzuna. Zure ustez zer esan nahi du enpresa bat inklusiboa izateak?

Enpresa inklusiboa izatea da pertsona guztiei lanerako aukera berdina ematea eta bermatzea, edozein dela ere generoa, adina, desgaitasuna edota jatorria. Bestalde, enpresa inklusiboak pertsona den bezala errespetatu, eta enpresa osatzen duten pertsonen aniztasuna aberastasuna dela ulertu behar du. Aniztasuna aukera bat da, azken batean talde gisa aukera gehiago ematen dituelako. Enpresa osatzen duten pertsonak erdigunean jarrita, aurreiritziak eta oztopoak kentzeko lan egiten dugu egunerokoan, pertsona horiek guztiek gure erakundean parte hartzeko eta garatzeko aukera berdina izatea helburu hartuta. Horrek guztiak errespetuzko lan giroak sortzea eta enpresan pertsonak integratzeko bidelagun izatea eskatzen du. Esan dudan hori guztia helburu hartuta egiten dugu lan KL Katealegaian, eta horregatik diot enpresa inklusiboa dela gurea. 

Enpresan lan egiten duten pertsonak erdigunean izanda ere, enpresa batean egunero lan egin beharra dago ekoizpena aurrera ateratzeko. Nola uztartzen dira pertsonen beharrak eta enpresaren jarduna?

Gure enpresara enplegu bila jotzen duen pertsona bakoitzak bere gaitasunak ditu, eta guk baditugu erremintak pertsona horren konpetentziak baloratzeko. Esaterako, erreminta horietako bat da Urratsez Urrats izena duena. Pertsona horren gaitasunak baloratzen ditugunean, lan egiteko profila izango dugu. Hori, gero, enpresak dituen produkzio eskaerekin uztartu beharra dago. Horretarako, pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta, plan pertsonalizatua egin behar izaten dugu, egokitzapenak edota formakuntza planak eginez, eta pertsona horrentzako lanerako lanpostu egokiena zein izan daitekeen erabakiz. Gerta daiteke pertsona baten profila bat ez etortzea guk ditugun produkzio eskaerekin; kasu horretan, pertsona horri orientazio zerbitzua eskaintzen diogu beste lekuren batean lan egin ahal izateko. Izan ere, era askotako entitateekin elkarlanean aritzen gara, hala nola ekintza sozialeko erakundeekin, hezkuntza zentroekin, osasun zentroekin edota eskualdekako garapen agentziekin. Beti saiatzen gara gugana jotzen duten pertsonei, gurean ezin bada ere, beste bide bat aurkitzen.

Dena den, gure lantegietan industria sektoreko ezaugarri desberdineko lanak ditugu; alegia, askotariko prozesuak egiten ditugu; horregatik, aukera dago era askotako gaitasunak dituzten pertsonek gurean lan egin ahal izateko.

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Mila langileko enpresa talde baten pertsonen arloko zuzendaria zara. Desgaitasunen bat duten edota egoera zaurgarrian dauden pertsonak izanda bertan lan egiten dutenak, zuk zuzentzen duen arloak garrantzia erantsia izango du, ezta? 

Gure enpresan pertsona da erdigunean dagoena, eta pertsona horien garapenerako era askotako programak ditugu martxan, besteak beste, aurrez aipatu ditudan orientazio zerbitzukoak, jarraipenekoak eta lan ibilbide pertsonalizatukoak. Esaterako, enpresan lan egiten duten pertsona gorrentzako erreferentea da gure departamentuan lan egiten duen eta keinu hizkuntza dakien pertsona bat. Gure departamentuak, baina, enpresako beste departamentuekin elkarlanean jarduten du unitate teknikoarekin, prozesuenarekin... Hau da, komertzialak proiektu berri bat dakarrenean enpresara, departamentu guztietako ordezkariak biltzen gara, proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko, bakoitzak bere ikuspuntua emanda, baina denok misio berarekin.

Lan merkatuan toki gutxi duten pertsonei –desgaitasunen bat dutenak edota kaltebera direnak, kasu– lanerako aukera ematea da KL Katealegaiaren helburua. Zer profiletako pertsonek jotzen dute zuenera lan bila?

Gaur egun gurera datozen pertsonen batez besteko adina 43 urte da, eta kasu batzuetan, langabezian denbora luzea daramatenak izaten dira. Azken batean, era askotako arrazoiengatik lan mundutik kanporatuak izan dira edota kanpoan gelditu dira, eta  gu baliabide bat gara horiek lan munduan toki bat izan dezaten. KL Katealegaia bezalako proiektuei esker, pertsona horiek lan egiteko eta beraien gaitasunak garatzeko aukerak dituzte gaur egun. Izan ere, lanak eta proiektu baten parte sentiarazteak autoestimua indartu egiten du, norberarenganako konfiantza handituz. Gu saiatzen gara, behintzat, gurekin lana egiten dutenei hori helarazten. Behar den laguntza edukita, pertsona denek dute balio edo talenturen bat lan munduan jarduteko. Ilusio handia egiten du pertsonak gurera nola datozen eta egunerokoan aurrera nola egiten duten ikusteak.

Industria sektoreko enpresa izanda, langileen gehiena gizonezkoa da Katealegaian, baina pixkanaka emakumeen kopurua handitzen ari da. Iaz lanean hasi zirenen ia erdiak emakumeak dira. Gaur egun, lanean ari garenon %62,7 gizona da eta %37,3 emakumea. Industria sektorean emakumeei sarbidea errazteko programa bereziak ere baditugu martxan, horietako bat da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean dugun bat: Emaklanean.

Katealegaiara jotzen duten langileen batez bestekoa 43 urte dela esan duzu. Altua da, ezta?

Azken finean, gizartearen adierazgarri bat da; azken urteetan batez besteko adina igotzen ari da pixkanaka. Pertsona horiek desgaitasunen bat dute, egoera zaurgarrian daude eta langabezian daude. Aurretik urte asko dituzte bizitzeko, eta lanerako edota bizitza proiektu bat aurrera eramateko lagungarri gu izan gaitezke. Aurrera begira, gainera, gure enpresan lanean hasi eta beste enpresaren batera joatea erabakiko balu pertsona batek, Enplegu Lagundua programa baliatu ahalko du. Horren bidez, pertsona hori lanpostura egokitzeko aholkularitza eskaintzen diogu enpresa berriari, eta egindako urratsa gaizki joango balitzaioke guretik joandako pertsonari, itzultzeko aukera eskainiko genioke, lan hitzarmenean jasota dugun eran. Ekintzaile proiekturen bat abiatu nahi dutenak pausoa ematera ere animatzen ditugu, ahal dugunean babestuz, eta okerrenean, proiektua gaizki ateraz gero, atzera itzultzeko aukera emanez.

Pertsonak erdigunean, baina enpleguak mantentzeko eta hobetzeko enpresak bideragarria izan beharko du, ala?

Desgaitasunen bat duten edota gizartean kalteberak diren pertsonei kalitatezko enplegu aukerak eskaintzea da gure enpresaren helburua, baina exijentzia handiak ditugu. Nahiz eta irabazi asmorik gabeko enpresa izan, bideragarriak izan behar dugu. Enpresak irabazten duen guztia inbertitu egiten du, lan hitzarmen propioa daukagu eta gustatzen zaigu lan baldintzak ere ahal dugun neurrian egokitzen joatea. Hiru urtetako lan hitzarmena dugu sinatuta, lan baldintzak ere eguneratzen joaten gara, baina horiek mantentzeko eta aurrera eramateko lan egiten segitu behar dugu.

Urola bailaran Azkoitian du lantegia KL Katealegaiak, baina Gureak lantegia ezagunagoa da. Zergatik izan daiteke hori?

KL Katealegaiaren eta Gureaken artean harremana bada Gipuzkoan; pertsonenganako erantzukizun sozialerako jarduten dugu, eta bien helburua da desgaitasuna duten pertsonentzat politika eta baliabide sozial-laboral onenak garatzea. Bien artean badago aldea, ordea. Alde batetik, KL Katealegaia lan sozietate mugatuko enpresa bat da: enpresaren %75 bertan lan egiten dugunona da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak (%9), Ilunion-Once fundazioak (%9) eta Gureakek (%7) parte hartzen dute. Bestetik, Katealegaiak industria sektorean egiten du lan, eta Gureak zerbitzuetan ere ari da. Sektore horretan aritzeak Gureaki ikusgarritasuna ematen dio, egunerokoan toki askotan ikusten ditugulako bertako langileak.

(Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea)

Nazioarteko egoera katramilatuta dago; genozidioak, gerrak, arantzelak… Ezegonkortasun horrek zertan eragiten dizue?

Industriaren sektorean egiten dugu lan, baina hainbat arlotan dibertsifikatuta. Horrez gain, hamabi lantegiok taldea gara; beraz, tailerren batean jaitsiera dagoela ikusiz gero, lantegi batetik bestera mugitzen dira pertsonak; horretara oso ohituta gaude. Dena den, beti gaude adi eta gertatzen ari denaren inguruan arreta jarrita, guretzako gure bezeroak ere garrantzitsuak direlako. Hala ere, gure lan egiteko modua malgua da eta egoera desberdinetara egokitzen dakiena. Noski, kezka sortzen digu nazioarteko egoerak, beti zaintzeko pertsonekin lan egiten dugulako. Bestalde, aurrera begira jarrita berritzen eta proiektu berrietan sartzen joan behar dugu, digitalizazioan eta berrikuntzan aurrera eginez egunero.

Ekintza sozialeko enpresa batean lan egiteak zer ekarpen egin dizula esango zenuke?

Gure enpresak pertsonak jartzen ditu erdigunean, lan egiten dugun pertsonona da enpresa eta denok helburu berarekin egiten dugu lan. Horretarako, lan egiteko erak eta gobernantza eredua bereziak dira KL Katealegaian. Proiektuak partekatuak dira eta denok hartzen dugu parte egitasmoetan. Horrek guztiak eguneroko lana erraztu egiten du, gardentasuna eta errespetua nabarmentzen direlako. Desgaitasuna duten pertsonei kalitatezko enplegurako aukerak sortzea eta industriako sektoreko bezeroei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea da gure egitekoa. Niri pertsonekin lan egitea gustatzen zait, baita industria arloan jardutea ere. Nik uste dut adierazten dugula askotariko gaitasunak dituzten pertsonak gai direla punta-puntako enpresentzako lan egiteko. Halaber, Gipuzkoako gizartearentzako tresna sozial eta ekonomiko garrantzitsua gara.

Esango nuke nire izaerarekin bat datorren enpresa eredua dela KL Katealegaia; nik pertsonengan sinesten dut, eta lortu behar dugu pertsona denek edukitzea lan munduan toki bat. Horretarako, harreman sarea dugu Gipuzkoako beste hainbat entitaterekin.

Lan asko egiten dugu, egiturak eginda ditugu eta lan egiteko era oso sendoa dugu. Gure enpresan pertsona bakoitza bakarra da, bere beharrak dituena, eta sentsibilitate hori oso barneratuta dago langileen artean. Niri pertsonak ezagutzea gustatzen zait, asko gara eta ezinezkoa da denak ezagutzea, baina pertsona guztiek dute bizitza interesgarria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide