Inklusioaren eta Aniztasunaren Europako Hiriburua saria jasotzeko hautagaietako bat zen Azpeitiko Udala, eta gaur egin dute sari horiek banatzeko ekitaldia Bruselan. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun saileko ordezkaritza bat han izan da, baina erakundeak ez du saririk eskuratu. Europako Batzordeak sustatutako sari horiek udalek berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren alde egiten duten lana aitortzea dute xede.
50.000 biztanletik beherako udalerrien multzoan zegoen Azpeitia finalista izendatuta, beste lau udalerrirekin batera. Hautagaien artean ziren Gipuzkoako beste bi herri ere: Errenteria eta Orio. Horiez gain, Galiziako San Xoan de Rio eta Italiako Mariscovetere sartu dituzte izendatuen zerrendan. Hain zuzen ere, Errenteriak eskuratu du urrezko domina, Oriok zilarrezkoa eta San Xoan de Riok brontzezkoa.
Besteak beste, LGTBIQ+ kolektiboaren beharrak erdigunean jarriz, aniztasuna eta inklusioa udal politiketan modu errealean eta eraginkorrean txertatu izanagatik zegoen Azpeitiko Udala hautagaien artean. Izan ere, azken bi urteotan, diagnostikotik ekintzetara arteko bidea egin du erakundeak arlo horretan, eta elkarlanean egindako prozesu hori hartu du kontuan Europako Batzordeak. Hala eta guztiz, udalak nabarmendu du hautagaia izatea bera "lorpena" dela.