Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek egonaldi turistikoaren gaineko zergaren foru arauen aurreproiektuak aurkeztu zituzten otsailean, eta gaur, asteazkena, prentsaren aurrera agertu dira Nagore Alkorta eta Iñaki Ostolaza Azpeitiko nahiz Zumaiako alkateak, foru arau horri alegazioak aurkeztu dizkiotenez gero. Turismo tasa "beharrezkoa" dela iritzi diote bi udalerrietako alkateek, baina zerga ezartzeko denbora eta "baliabideak" eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Alkateek Maddalen Iriarte EH Bilduko Gipuzkoako bozeramailearekin batera egin dute agerraldia Zumaian, eta Iñaki Ostolazak azaldu ditu Azpeitiko nahiz Zumaiako udalek turismo tasaren foru arauari jarritako alegazioen arrazoiak. Nabarmendu duenez, turismoak azken urteetan izan duen hazkundea kontrolatzeko "beharrezkoa" turismo tasa, eta horregatik, Urola Kostako bi udalak "aspalditik" ari ziren eskatzen zerga hori ezarri ahal izateko prozedura has zitzatela. Horregatik, "berandu" iritsi den neurria abegi onez hartu duen arren, harrituta agertu da orain EAEko hiru aldundiak tasa turistikoa ezartzeko "presaka" dabiltzala-eta. "Orain arte ez dute presarik izan", kritikatu du.
Zenbait herrik egonaldi turistikoen gaineko zerga berria urte honetan bertan martxan jarriko dutela espero dute aldundiek, are, uda honetan bertan aplikatzen hastea nahi dute, eta aurreikusitako epeak beteko badira, 2027ko urtarriletik aurrera martxan egon beharko luke herri guztietan. Aurretik, baina, foru arauaren prozesua agortu behar da: ostiral honetan amaituko da norbanakoek, eragileek nahiz udalek alegazioak aurkezteko epea, gero eztabaida eta negoziazio fasea irekiko dute, eta horren ostean onartuko dute araua Batzar Nagusietan. Orduan iritsiko da udalen txanda: zerga aplikatzen hasi ahal izateko, aurretik, beharrezko aldaketak egin behar dituzte ordenantza fiskaletan, eta beraz, prozesua gehiago luzatuko dela zehaztu du Ostolazak.
Arauaren ezarpenak formakuntza tekniko espezifikoa behar du; horregatik, eskaera bikoitza egin dio Zumaiako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiari. Batetik, arauaren tramitazioak nahiz zergaren kobrantzak udalei eragingo dieten karga arintzeko baliabideak, eta bestetik, denbora: Gipuzkoako Batzar Nagusiek foru araua onartu ostean –uda aurretik onartuko dutela espero da–, udalek sei hilabeteko epea izango dute beren ordenantza fiskalak aldatzeko, bada, Azpeitiko eta Zumaiako udalek aldundiari eskatu diote eman dezala aukera aldaketa horiek 2027ko ordenantza fiskalean aplikatzeko, eta horrela, turismo tasa datorren urtetik aurrera "berme guztiekin" martxan jartzeko. "Iruditzen zaigu presaka ibili beharrean hobe dela gauzak ganoraz egitea", berretsi du.
"Edozein kasutan, berandu etorri bada ere, uste dugu turismo zerga beharrezkoa dela, eta gure aldetik, konpromisoa hartzen dugu zergarekin jasotzen dena turismoak gizarte mailan eta ingurumenean sortzen dituen kostuak konpentsatzera bideratzeko eta gardentasunez aritzeko", ziurtatu du.
Turismoa, etxebizitzari lotuta
Zumaiako alkatearen ildo beretik, Maddalen Iriartek adierazi du turismoak herrietan, jendartean eta ingurugiroan eragiten dituen kalteei erantzuteko "tresna eraginkorra" dela tasa turistikoa, baina "berandu" datorrela deitoratu du. "Turismoak azken urteetan gure herrietan eragin dituen kalteak eta aurkeztu dizkigun erronkak ez dira gaurkoak, aurreikusi zitezkeen, beraz, lanek askoz aurreratuago behar lukete. Presaka eta era desegokian ari dira EAJ eta PSE", adierazi du. Halaber, baliabideak aldarrikatu ditu EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak ere: "EH Bilduk, bere zuzenketen bidez, udalei eta establezimendu txikienei lagundu nahi die. Zergaren aplikazioak karga administratibo gehigarria ekarriko du ostatuentzat eta udalentzat, horregatik, ezinbestekoa da aldundiek tresna egokiak eskaintzea kudeaketa errazteko".
Bestalde, Iriartek esplikatu duenez, turismoari lotutako neurriak lotuta egon beharko lukete etxebizitza politikekin, batak besteari eragiten baitio. Horixe jaso dute EH Bilduk gobernatzen dituen udalek (Azpeitikoak edo Zumaiakoak, kasurako) foru arauari aurkeztu dizkioten alegazioetan. "Zerga politikak ere etxebizitza krisiari aurre egiten lagundu behar du, eta ez kontrakoa. Ezinbestekoa baita turismo politikak eta etxebizitza politikak batera aztertzea", azpimarratu du.
0,75 eta 5 euro artean
EAEko herrietan egonaldiak egingo dituzten turistei eguneko 0,75 eta 5 euro arteko zerga turistikoa aplikatzea aurreikusten dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aldundiek aurkeztutako aurreproiektuek. Tasaren zenbatekoa ostatu motaren araberakoa izango da; esaterako, izar bateko hoteletan, kanpinetan, landetxeetan edo aterpetxeetan ostatu hartuko dutenek 0,75 eta 1,5 euro artean ordaindu beharko dituzte, eta bost izarreko hotelean lo egingo dutenek, berriz, gutxienez 2,5 euro. Gehienez ere bost egunez kobratuko dute zerga ostatu bakoitzean.