Garbigunea itxita egongo da zapatuan, Erniope rallysprinta dela-eta

Mailo Oiarzabal 2026ko apirilaren 23a

Azpeitiko Garbigunea, artxiboko irudian. (Mailo Oiarzabal)

Auto lasterketako parte hartzaileak Lapatxeko sarrera aurretik irtengo dira 10:00etatik aurrera, eta Azpeitia eta Errezil arteko errepidea 09:00etan itxiko dute. Ondorioz, Garbigunea itxita egongo da zapatuan eta komertzioetako hondakin organikoaren bilketa 09:00etara aurreratu dute.

I. Erniope rallysprinta jokatuko dute etzi, hilaren 25ean, Azpeitia, Errezil eta Bidania-Goiazko errepideetan. Eta, trafikoan ez ezik, zerbitzu batzuetan ere izango du eragina auto lasterketa horrek, hala nola Garbigunean eta komertzioetako hondakin organikoen bilketan.

Horrela, Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi du Lapatxen dagoen Azpeitiko Garbigunea itxita egongo dela zapatuan. Rallysprinteko parte hartzaileak Lapatxeko sarrera aurretik irtengo dira 10:00etatik aurrera, eta Azpeitia eta Errezil arteko errepidea 09:00etan itxiko dute. Hori dela eta, garbiguneak ez dute irekiko egun horretan.

Bestalde, komertzioetako hondakin organikoaren bilketa 09:00etara aurreratuko dute larunbatean, errepide mozketak ahalik eta gutxien eragin dezan bilketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide