Sañoa Egunaren aurretik, energia berriztagarriez solasa

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 23a

Aitziber Sarobe eta Alain Arruti, atzo Sañu Bizirik taldeak antolatutako hitzaldian. (Ihintza Elustondo)

Aitziber Sarobek eta Alain Arrutik Energia berriztagarrien sokatira izenburuko hitzaldia eskaini dute Azoka Plazako aretoan. Iganderako, berriz, Sañoa Eguna du antolatuta Sañu Bizirik taldeak.

Igandean Sañoa Eguna ospatuko du Sañu Bizirikek, baina aurretik energia berriztagarrien inguruko hitzaldia egin dute. Atzo arratsaldean izan zen solasaldia Azoka Plazako aretoan, eta Energia berriztagarrien sokatira izenburu hartuta Aitziber Sarobe Biologian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta LPS Honi Ez! dinamikako kide Alain Arruti aritu ziren hizlari.

Sañoa Eguna ospakizun eta aldarrikapen eguna izango dela adierazi du Sañu Bizirikek. "Hiru urtean lurraren defentsaren alde egindako borrokaren ondorioz, Sañoa inguruko parke eolikoaren proiektu erraldoia atzera botata dago", adierazi dute. Haien ustez, baina, ezin da ahaztu Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) Urola Kosta eskualdean bertan, Sañoa-Etumetatik bertatik bertara, Errezilen Komisolatza ingurua –Aizarnako ibarra– eta Beizama eta Bidania-Goiatz arteko mugartea "jopuntuan" ipini dituela, "eolikoen eta fotovoltaikoen makroproiektuak egiteko".

Sañoarako irteerak antolatu dituzte igandean: Azpeititik, 09:00etan plazatik irtenda; Zestoatik, 09:00etan Gurutzetik irtenda; eta Errezildik, 08:30ean irtenda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide