Azpeitiko Udaleko hainbat langilek bat egin dute ELA eta LAB sindikatuek gaur eguerdirako deitutako bi orduko lanuztearekin. Lanuztearen garaian plazan elkarretaratzea egin dute, Udaletako lan baldintzak hemen erabaki lelo zuen pankartaren atzean.
Sindikatuen deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal langile guztientzat izan da, eta bi eskari nagusitan oinarritu dituzte protestak: batetik, udal langileen lan baldintzak ez erabakitzea Madrilen, euskal administrazioan baizik; eta bestetik, Udalhitzeko konbenioa eguneratzea –Udalhitz euskal toki erakundeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa da–, lan baldintzak hobetzeko. Sindikatuen arabera, urte asko daramatzate lan baldintzak hobetuko dituen lan akordio integralik gabe. Bihar bilduko da Eudel Euskadiko Udalen Elkarteko Udalhitzen mahai negoziatzailea. Bilkura horretan gutxieneko akordiora iristen ez badira bi aldeak, datorren maiatzaren 14rako eta ekainaren 4rako egun osoko grebak dituzte deituta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udal guztietan.