Urola Erdia ispiluaren aurrean kanpainaren barruko hitzaldi zikloaren azken saioa izango da datorren asteartean, Azpeitian, eta egitasmoaren hondarrean energia ereduak izango dituzte hizketagai hainbat adituk. Hain zuzen, Markel Peñalba Mondragon Unibertsitateko eta Ikerbasqueko irakasle eta energia berriztagarrien arloko ikertzaileak, Alazne Arruti Goiener taldeko Sorkuntza taldeko ingeniariak eta Gorka Laurnaga Stop Fosilak taldeko kide eta klima aktibistak Zer energia eredu nahi du Azpeitiak? galderaren bueltan arituko dira. Oihana Elduaien Berria egunkariko kazetariak gidatuko du herritar guztiei zuzendutako solasaldia, 18:30ean, Basazabal jauregian.
Antolatzaileen esanetan, industria handien itxierak eragin zuzena du Azpeitiko berotegi efektuko gasen isurketan, eta aurreko hamarkadarekin alderatuz gero, behera egin dute horiek. Dena den, gaur egun "klima neutraltasuna" lortzeko isurpenak %40 eta %45 artean beharko liratekeela jakinarazi dute. Aldi berean, energi berriztagarriek udalerriko energia kontsumo osoaren %0,69 estaltzen dutela kontuan hartuta, zer neurri bultzatu beharko liratekeen azalduko dute hizlari horiek.
Urola Erdiko sei udalek –Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Zestoa eta Aizarnazabal–, Iraurgi Berritzen bailarako garapen agentziak eta Lapatx zabortegia zena eta haren eremuko zerbitzu berriak kudeatzen dituen Laien sozietate publikoak abian jarritako kanpaina da Urola Erdia ispiluaren aurrean. Azken egunetan, mugikortasunari eta lurralde-antolamenduari buruz hausnartzeko aukera izan dute Azkoitian zein Zestoan eskualdeko bizilagunek, eta datorren asteartean, Azpeitiko energiari buruzko saioarekin itxiko dute hitzaldi zikloa.
Lan saioa, maiatzaren 6an
Horren ondoren, kanpaina hurrengo fasean sartuko da, herriz herri lan saioak egingo dituztelako herritarrekin. Antolatzaileen arabera, saio horietara joaten direnek aukera izango dute eskualdeko zein herrietako egoera aztertzeko, proposamenak lantzeko nahiz lehentasunak adosteko, eta Azpeitikoa maiatzaren 6an izango da, Azoka Plazan, 18:30ean.