Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Aitziber Arzallus 2026ko apirilaren 24a

Hainbat lagun presoen eskubideen aldeko elkarretaratze batean.

Apirileko azken ostirala izanik, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, plazan.

Euskal presoen, iheslarien eta deportatuen eskubideen aldeko hileko azken ostiraleko aldarriak hartuko du gaur arratsaldean Azpeitiko plaza. Izan ere, apirileko azken ostirala izanik, elkarretaratzea deitu du Azpeitiko Sarek. 19:00etarako jarri dute hitzordua, plazan.

Gaurko mobilizazioarekin, gainera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epaile Jose Luis Castrok Marixol Iparragirre eta Juan Ramon Karasatorre euskal presoei 100.2 artikuluaren aplikazioa ukatzeko hartu duen erabakia salatuko dute plazan elkartuko diren herritarrek. Hurrenez hurren, Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeetako tratamendu batzordeek erabaki zuten bi preso horiei 100.2 artikulua aplikatzea, astean zehar eta egunez espetxetik atera ahal izateko, baina Castro epaileak kontra egin du, eta artikulu horretan aldaketa batzuk egiteko proposatu dio botere judizialari, zigorrak "gehiegi" arintzen dituela iritzita. Bigarren graduaren eta hirugarrenaren arteko gradu bat da 100.2 artikuluak baimentzen duena.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide