Landetako Plan Bereziari eusteko eskatu dio EAJk EH Bilduren udal gobernuari

Julene Frantzesena 2026ko apirilaren 24a

Landetako eremu bat. (Aitziber Arzallus)

Azpeitiko Udalak 2023an onartu zuen Landetako anabasa zuzentzen hasteko Plan Berezia, eta EAJren udal taldea "kezkatuta" agertu da plana "bertan behera" geratu delako. Alderdi jeltzaleak eskatu du planari eusteko, eta behar baldin bada berrikusteko. Izan ere, taldeak dio ez dagoela proiektuak aurrera ez egitea justifikatzen duen arrazoi teknikorik edo ekonomikorik.

Landetako anabasa zuzentzen hasteko onartutako Plan Bereziari berriro heltzeko eskatu dio Azpeitiko EAJren udal taldeak EH Bilduren Udal Gobernuari. Zehazki, 2023an onartutako plan horri eusteko, behar baldin bada berrikusteko eta emaitzetara bideratutako plangintza argi nahiz errealista eginez bultzatzeko galdegin du alderdi jeltzaleak.

EAJ "kezkatuta" agertu da Landetako Plan Berezia "bertan behera" geratu delako. "Duela hiru urte onartu zuten plan hori, udal hauteskundeak baino aste gutxi batzuk lehenago, eta 'epe luzerako proiektu baten lehen urrats' gisa aurkeztu zuten", adierazi du udal taldeak. Sasoi hartan EH Bilduren udal gobernuak Landetan esku hartzeko beharra zegoela adierazi zuela gogorarazi du EAJk, halaber: "Ingurune desordenatu gisa deskribatu zuten; elkarren artean bateraezinak diren erabilerak –etxebizitzak, industria jarduera, ostalaritza edo erabilerarik ez duten pabiloiak– dituen gune eta jarduketa integrala eskatzen zuten hirigintza arazo nabarmendun gisa".

Plan Bereziaren helburua "argia" zela nabarmendu du EAJren udal taldeak: eremua antolatzea eta espazio erakargarriagoa, funtzionalagoa eta egungo beharretara egokituagoa sortzea, hirigintza tresnen bidez eta etorkizuneko ikuspegiarekin. Gainera, proiektua bideragarri gisa proposatu zutela esan du talde jeltzaleak: "Aurreikusitako kostuak baino diru sarrera handiagoak sortzeko gaitasuna zuen, eta horrela, proiektuaren jasangarritasun ekonomikoa bermatu egiten zen".

Dena den, plana onartu eta hiru urtera, proiektuak ez duela aurrera egin esan du EAJk, eta adierazi du ez dagoela egoera hori justifikatzen duen arrazoi teknikorik edo ekonomikorik: "Txostenek proiektuaren bideragarritasuna bermatzen dute, bai ekonomiaren ikuspegitik, bai hirigintzarenetik. Horregatik, ez dugu ulertzen zergatik utzi den tiraderan", erantsi du Antonio Gallarin zinegotziak. Haren hitzetan, Landetaren bueltan "benetako itxaropena" sortu zen, proiektu "gauzagarri eta beharrezko" batu buruz hitz egin zelako, baina gaur egun "abandonua agerikoa" dela azpimarratu du. "Zilegi da galdetzea hura konpromiso serioa izan zen edo izaera elektoralista duen ekintza".

Gallarinek erantsi duenez, Landetarako onartutako Plan Berezi hura azertu du EAJk, eta "hobetzeko tartea" identifikatu du, batez ere jabeekin lankidetzan aritzearen bueltan. Dena den, horrek ez lukeela planaren garapenerako oztopo izan behar esan du: "Planteamendua berrikusi egin behar da, lankidetza indartu, eta beharrezkoa baldin bada, helburu berriak definitu, baina ez proiektua bertan behera utzi. Landetak behar du".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide