Ibon Badiolak eta Kiara Angulok irabazi dute III. Xoxoteko Igoera

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 25a

Azpeitiko Gaztetxeak antolatutako Gazte Asteko ekitaldiak Xoxoteko Igoerarekin bukatu dituzte. 30 lagunek parte hartu dute plazatik Xoxotera arteko mendi lasterketan. Kirol jardunaldia sari banaketarekin eta inperialismoaren kontrako aldarriarekin bukatu dute.

Gazte Astearen barruan Xoxoteko Igoeraren hirugarren edizioa jokatu da gaur goizean, Azpeitiko Gaztetxeak antolatuta. Azpeitiko plazatik irten eta Xoxotera arteko mendi lasterketan 30 lagunek irten dute, eta igoera azkarrenak egiten Ibon Badiola (31:49) izan da mutiletan eta Kiara Angulo (41:00) nesketan. Badiolaren atzetik, mutiletan bigarrena Xuban Muniozguren (33:45) izan da, eta hirugarrena, Haritz Iturzaeta (35:28). Nesketan, berriz, bigarrena Aintzale Olaizola (43:00) izan da, eta hirugarrena, Zuraide Berasategi (00:47)

Igoera hasi aurretik, mendi martxa egin dute hainbat gaztek 10:00etan plazatik irtenda, eta ordubete geroago, 11:00etan, atera dira Xoxoteko Igoeran parte hartu dutenak. Behin denak Xoxotera iritsitakoan, hamaiketakoa izan dute, eta ondoren banatu dituzte sariak Xoxoten bertan. Eta bukatzeko Inperialismo yankiari aurre egin! leloarekin argazkia atera dute guztiek.

Aste guztian zehar hainbat ekintza egin dituzte Gazte Astean, hitzaldiez gainera, atzo dantza poteoa, parrillada eta parodia izan zituzten. Xoxoteko Igoerarekin bukatu dituzte gaur Gazte Asteko ekintzak.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide