Euskararen biziraupenerako, estatu propio baten beharra aldarrikatu dute

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 25a

Euskaltzale Independentisten Topaketako bigarren egunean, euskaltzale independentista guztiak Euskal Herria Euskarazekin eragitera deitu dituzte, "indarraldirako garaia" delako. Halaber, ekainaren ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleen Martxan parte hartzera ere gonbidatu dituzte. Mahai inguruek, tailerrek, bazkariak eta kultur ekitaldiek osatu dute topaketako gaurko eguna.

Mahai ingurua, joaldunak, bazkaria, tailerrak, kale animazioa eta kontzertuak izan dituzte gaur Euskaltzale Independentisten II. Topaketako bigarren eta azken egunean. Eguerdian plazan egin duten topaketetako ekitaldi nagusian Euskal Herrian Euskarazekoek nabarmendu dute  "euskararen errepublika" eraikitzera doazela, eta horren kontra azaltzen diren guztiei adierazi diete "indartsu" daudela eta ez direla kikilduko.

Euskararen biziraupenerako estatu propio baten beharra aldarrikatu du EHEk, eta hori lortzeko eragile eta euskaltzale independentista guztiei batzera deitu diete. Olatu erreakzionarioen aurrean Euskal Herriko herri mugimendua egiten ari den lana azpimarratu dute EHEren izenean Intza Gurrutxagak eta Markel Adinek. Dena den, haien arabera, Euskal Herri euskaldun baten aldeko "borrokak ez du etenik" eta jarraitu beharra dago. "Euskararen eta Euskal Herri askearen alde egiten dugun borrokak ez du soilik gure herria indartzen. Hortik haratago, mundu anitzago bati eta han eta hemen dauden borroka askatzaile orori egiten dio ekarpena. Zapaltzen gaituen sistema global honek erro ugari ditu, baina gure existentzia bera da hura arrakalatzeko biderik eraginkorrena", adierazi dute.

Indarraldirako unea

Bide horretan, erasoei aurre eginez, "euskararen borroka berpizten eta indartzen" ari dela esan dute EHEkoek. Hori erakusteko, aste honetako bi adibide eman dituzte: "Baxoa euskaraz! aldarriz bete dituzte Baiona eta Donapaleuko ikuskaritzen egoitzak eta, Iruñean agerraldi jendetsua egin dute Nafarroako Gobernuak hezkuntza euskaldunaren aurka hartutako erabakia salatzeko. Bai, bada zer salatua, baina, batez ere, bada nork salatua; eta hori, euskaltzaleon garaipenetako bat da".

Aurrerapausoen kontrara atzerapausoak ere ikusten dituztela salatu dute EHEkoek, eta orain dela aste batzuk Comisiones Obreras sindikatuaren "mehatxu gutuna" jaso izana salatu dute. "Dirudienez minduta daude 'euskararen etsai' modura seinalatu ditugulako. Baina, zer nahi dute bada? Argia aldizkariak egindako ikerketak frogatuta utzi du: euskararen aurkako kanpaina antolatu dute. Sindikatuaz gain, ezker espainolista dago tartean. Kontu egin! Euskaldunon aurkako oldarraldia eskuinetik ez ezik, ezkerretik ere badatorkigu eta". Espainiako nahiz Frantziako estatuek "Euskal Herria desagertzeko estrategia" dutela salatu dute EHEkoek: "Badakite hizkuntzak egiten gaituela herri eta, horrenbestez, hizkuntzarik gabe ez dagoela herririk".

Azken bi hamarkadetako "geldotze aroa eten" eta indarraldiko unea hasteko garaia dela adierazi dute EHEkoek, eta norabide horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, euskaltzaleak abenduaren 27an BIlbon bildu zirela gogoratu du. Halaber, "pizkundea eten ez dadin", euskaltzale independentista guztiak ekainaren 13an Iruñean egingo den Euskaltzaleen Martxan parte hartzera deitu dituzte.

Euskararen alde borrokatu beharra

Plazan egindako ekitaldiaren aurretik, baina, Euskaratik independentziara mahai inguruarekin hasi dute Euskaltzale Independentisten Topaketako gaurko eguna Soreasu antzokian. Solasaldian, Jardun koordinakundeko Ainhoa Urkiolak, Euskal Herrian Euskarazeko Intza Gurrutxagak eta EHUNeko Julen Mendizabalek parte hartu dute, Markel Adin EHEko bozeramaileak gidatuta.

Jardun koordinakundeko kideak klase borrokaren eta nazio zapalkuntzaren arteko loturan sakonduz hasi du solasaldia. Azaldu du "euskara nazio eraikuntzarako tresna politiko gisa" ulertzen duela Jardunek, eta euskarari dagokion tokia ematea aldarrikatu du. Haren ustez, ofizialtasuna ez da helburu nahikoa: “Arazoa egiturazkoa da eta irtenbideak integrala izan behar du”. Halaber, azpimarratu du "banaezinak" direla independentismoa, euskalgintza eta langile borroka.

Urkiolaren atzetik, EHEren koordinatzaileak hartu du hitza mahai inguruan, eta frankismoaren ondoren sortutako "ilusioaren" ondoren, egoera neurri handi batean berdin mantendu dela salatu du, eta kritika egin dio esparru abertzaleari, "euskararekiko utzikeria eta elebitasunaren normalizazioa" leporatuz, eta "independentismoaren atzerakada" azpimarratuz. Hizkuntzari lehentasuna eman eta independentismoa indartu behar dela defendatu du Gurrutxagak. Era berean, kritikatu du "euskalgintza instituzionalizatu" eta "borroka ahuldu" dela, "zapalkuntza egiturazkoa ezkutatu delako". "Euskararen aldeko borroka indartu behar da, euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusi bihurtzea helburu hartuta", EHEren ustez.

Goizeko mahai ingurua bukatzeko, Mendizabalek hartu du hitza Ehun mugimenduaz hitz egiteko. Hark azaldu du, Ehun sortu zela euskal errepublika edukiz betetzeko eta militantzia eredu berriak sortzeko, baina ez zuela esperotako fruiturik eman. Ehuneko kidearen ustez, "euskararen aldeko borroka ezin da soilik instituzionala izan; konfrontazioa, ekintza eta ikuspegi politiko sendoa behar dira, euskara estatu hizkuntza bihurtzeko helburuarekin".

Bukatzeko, kontzertuak

Solasaldiez eta ekitaldiez gainera, kultur ekitaldiek ere beren tartea izan dute atzo hasi zen Euskaltzale Independentisten II. Topaketan. Eguerdian, Azpeitiko kaleak joaldunek girotu dituzte. Maddi eta Irene kantariek hainbat kantu abestu dituzte plazan, ekitaldi nagusian aurretik eta ondoren, eta margolari batek Euskararen errepublika leloarekin grafiti bat egin du. Arratsaldean, kale animazioa izango da Alde Zaharrean. 22:00etatik aurrera, Tapia eta Leturia eta Maruxak kontzertua eskainiko dute Sanagustin kulturgunean eta DJak izango dira Korralen eta Orkatzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide