Kamioikada bat produktu bildu dute Kubara bidaltzeko

Nerea Uranga 2026ko apirilaren 26a

Kubarako materiala biltzeko atzo Azpeitiko plazan jarri zuten postua. (Nerea Uranga)

Oinarrizko produktuen bilketa Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta Ikasle Antolakunde Sozialistak egin dute, Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Astean zehar ikastetxeetan jaso dute materiala eta atzo hainbat saltokiren aurrean eta plazan.

Kubara bidaltzeko oinarrizko produktuak bildu dituzte Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS), Euskadi-Cuba elkartearekin elkarlanean. Blokeo inperialistaren aurka, Kubarekin elkartasuna lelo hartuta, pasa den astean herriko ikastetxeetan bildu zituzten produktuak eta atzo, larunbata, hainbat saltokitan eta plazan jarri zituzten materiala biltzeko mahaiak.

Gipuzkoako hainbat herritan jasotako materiala Esklabak zentro sozialistan bildu dute, han kaxetan sartu, sailkatu eta gaur kamioian sartzeko. Segidan, Euskadi-Cuba elkartearen esku utzi dute bildutakoa Kubara bidaltzeko.

Kubaren egoera "oso larria" dela adierazi dute bilketaren sustatzaileek, eta egoera hori “iraultzaz geroztik” Ameriketako Estatu Batuek (AEB) Kubaren aurka izan duten politika "isolazionista eta kriminalen ondorioa" dela salatu dute: "Azken urteetan biziagotu egin du blokeoa Donald Trumpek, baita interbentzio militar baterako mehatxua handitu ere. Trump presidente faxistaren genozidio saiakera da hau". 

EHKSk eta IASek, Euskadi-Cubarekin elkarlanean egindako produktuen bilketako irudi batzuk. (EHKS)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide