Jose Maria Guibert hil da

Ihintza Elustondo 2026ko apirilaren 26a

Jose Maria Guibert. (Mailo Oiarzabal)

Jose Maria Guibert (Azpeitia, 1962) jesuita eta irakaslea hil da gaur, 63 urte zituela. Deustuko Unibertsitatean aritu zen irakasle lanetan ia hiru hamarkadaz, eta horietatik hamar errektore karguan egin zituen. 

Jose Maria Guibert (Azpeitia, 1962) jesuita eta irakaslea hil da gaur, 63 urte zituela. Haren curriculuma ez zen laburretakoa: apaiza, ingeniaria, irakaslea eta ikerlaria, Deustuko Unibertsitatearen errektore izandakoa, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak Adiskide Numerarioa... Deustuko Unibertsitatean aritu zen irakasle lanetan ia hiru hamarkadaz, eta horietatik hamar errektore karguan egin zituen, 2013tik 2023ra. Abuztuan, gainera, Loiolako Unibertsitate fundazioaren patronatuko presidente izendatu zuten. 

1982an batu zen Guibert Jesusen konpainiara. Ikasketaz, doktorea zen Industria Ingeniaritzan, EHUrekin, eta ingeniaria Nafarroako Unibertsitatean. Teologian lizentziatua ere bazen. Zenbait erakundetako batzordeetako kide zen; besteak beste, Jakiunde, Unibasq, Aneca eta Unibertsitateen Euskal Kontseilua. 

Jesus Guibert enpresa gizon zenaren semea zen. 1983ko martxoaren 21ean Azpeitian bahitu eta hamazazpi egunez gatibu eduki zuten Komando Autonomo Antikapitalistek (KAA) Jesus Guibert, Marcial Ucin enpresako kudeatzailea, Errezilgo kobazulo batean. Aita hil eta hamar urtera, duela 41 urteko bahiketa hartaz liburua argitaratu zuen Guibert semeak: La Caverna: diario del secuestro de un empresario vasco

Deustuko Unibertsitateak atsekabea azaldu du heriotzaren aurrean. "Bere legatuak bizirik iraungo du gure unibertsitateko komunitatean, berak bultzatutako proiektu bakoitzean eta berak inspiratutako pertsona bakoitzean. Goian bego, Jose Mari", azaldu du unibertsitateak sare sozialetan. Imanol Pradales lehendakariak ere gogoan izan du azpeitiarra sare sozialetan: "Guibert ezagutzeko eta berarekin lan egiteko aukera izan genuenok, bihotzean eta egunerokoan daramagu bere arrastoa". 

Bere aldeko hileta elizkizuna Loiolako santutegian izango da bihar, astelehena, 19:00etan.

2024an elkarrizketa egin zion hedabide honek Jose Maria Guiberti, eta lotura honetan irakur daiteke. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide